Gizartea -

URITIASOLON

500 marihuana landare atzeman dizkiote gizon bati Gasteizen

Agenteek 2,5 kilogramo marihuana eta baskula bat atzeman dituzte atxilotuaren etxean.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

32 urteko gizon bat epailearen esku utzi dute gaur, asteazkena, 500 marihuana landare Gasteizko (Araba) industrialde batean hazteagatik. Gainera, bere etxean droga honen 2,5 kilogramo aurkitu dituzte.

Udaltzaingoak orain dela egun batzuk hasi zuen ikerketa, Uritiasoloko industrialdean kalamu usaina nabaritu zutenean. Horregatik, eremua kontrolatzeko operatibo bat ezarri zuten.

Poliziek adierazi dutenez, gizon bat ikusi zuten lokaletik etengabe sartu-irtenak egiten eta, ondoren, kalamuaren salmentan espezializatutako saltoki batera joan ohi zen.

Agenteek astelehenean identifikatu zuten gizona. Pabilioi barrura sartu ziren eta 500 marihuana landare inguru zituela ikusi zuten. Drogaz gain, mantenurako beharrezko elementuak zituen: instalazio elektriko bat, hezegailuak, ureztatze-automatikoa, ongarritzeko gaiak etab.

Gizona atxilotu ostean, poliziek bere etxebizitza miatu zuten eta 2,5 kilogramo marihuana atzeman zituzten. Horrez gain, 4.000 euro eta pisu-baskula bat aurkitu zituzten. Gizonari droga-trafikoarekin lotuta egon daitekeen osasun publikoaren kontrako delitu bat egotzi diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Drogak albisteak Gizartea bideoak Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa