Gizartea -
2010-2013ko Estrategia Plana
Alberto Suriok Estrategia Planaren aurrerapena aurkeztu du
Albistegietan lider izatea, erreferentziazko programazioa garatzea, EITB marka euskal marken artean lehen postuan jartzea eta Euskarazko eskaintza bultzatzea eta berdefinitzea izango dira helburuak.
Erredakzioa
Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak EITBren 2010-2013ko Estrategia Planaren aurrerapena aurkeztu du Administrazio Kontseiluaren aurrean. Helburu estrategikoen artean honako hauek agertzen dira plan berrian: Albistegietan lider izatea, erreferentziazko programazioa garatzea, EITB marka euskal marken artean lehen postuan jartzea eta Euskarazko eskaintza bultzatzea eta berdefinitzea.
Horrez gainera, Plan horretan aipatzen denez helburu horiek betetzeko giltzarri izango dira pertsonen inplikazioa eta kudeaketan bikaintasuna lortzea. Taldeko hedabideen artean sinergiak bultzatzeak duen garrantzia eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko azpiegitura teknologikoak indartzea ere azpimarratzen ditu agiriak.
Aurkeztutako Planak, halaber, EITBk 2010ean ekingo dituen proiektu nagusiak azaltzen ditu planifikazio estrategikoaren baitan. Hauek nabarmendu daitezke.:
- Albistegia goizeko 07:00etara aurreratzea - Neurrira egindako telebista plataforma bat sortzea - Euskaldunei zuzendutako programazioak berdiseinatzea eta indartzea - Berdintasun eta Kontziliatzio Plana- Zehaztasun Handiko (HD) Telebista indarrean jartzeko ikerketa
Estrategia Planaren asmoa proiektu hauek guztiak EITBko hedabide guztietan ezartzea da: irratian, telebistan eta Internet-en.
Programa berrien audientzia
Administrazio Kontseiluko Bileran, halaber, urtarrileko, eta otsaileko audientzia emaitzak aurkeztu dituzte. Orotara %14,7ko audientzia zatia lortu du ETBk: ETB-2k %11,7 eskuratu du; %2,6 ETB-1ek ; %0,3 ETB-3k eta %0,1 ETB Sat-ek.
''El Conquistador'' saioaren datuak ere nabarmendu dituzte. Ediziorik arrakastatsuena da seigarren hau. Bataz beste %23ko emaitza lortu du saioak. Horrez gainera, Txapeldunen Ligak ere oso erantzun ona izan du. %20ko audientzia gainditu du, bataz beste, orain arte emandako partidekin.
Saio berriei dagokionez, martxoaren 1etik 25era bitartean emaitza hauek izan dituzte: ''Euskadi Directo'' saioak %8,3; ''Robin Food''-ek %11,8; ''Aspaldiko''-k %9,3; ''Uyyyyy!''-k %12,4 eta ''El Conquis, la aventura''-k %11,5.