Gizartea -

Indarkeria matxista

Gazte bat atxilotu dute Irunen, sexu-eraso bat egitea leporatuta

Gertaerak atzo goizaldeko laurak inguruan jazo dira. Ordu horretan biktima bere etxea zihoan, eta halako batean gizonezko bat berarengana jo eta garaje batzuetara sartzeko gune batera eraman zuen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 18 urteko gazte bat atxilotu du Irunen, atzo goizaldean gertatu zen sexu-eraso baten ustezko egile gisa. Hala jakinarazi du gaur Segurtasun Sailak.

Jasotako salaketak dioenez, Gertaerak atzo goizaldeko laurak inguruan jazo dira. Ordu horretan biktima bere etxea zihoan, eta halako batean gizonezko bat berarengana jo eta garaje batzuetara sartzeko gune batera eraman zuen.

Agenteei esandakoaren arabera, behin garaje gunean egonda, mehatxupean eta borondatearen aurka bortxatu egin zuen. Horren ostean, gizonezkoak handik alde egin zuen.

Ertzaintzako zenbait agente gertakariaren gunean bertaratu ziren eta biktima artatu zuten.

Jasotako informazioa oinarri izanik, gizonezkoaren bila zebilen patruiletako batek hura aurkitu zuen 4:45ak aldera, beste gazte batzuekin batera zihoala.

Ertzainek atxilotu egin zuten sexu-eraso delitu bat egotzita.

Polizia-izapideak egin ostean, gaur goizean epailearen esku geratu da.

Irungo Udalak emakume baten kontrako sexu erasoa gaitzetsi du

Larunbatetik iganderako gauean Irunen jazotako sexu erasoa gaitzetsi du Irungo Udalak eta kontzentrazioa deitu du biharko.

Irungo Udaleko Bozeramaile Batzordea bihar 09:00etan elkartuko da, erasoa gaitzesteko eta arratsaldeko kontzentrazioan parte hartzeko deia luzatzeko.

Jose Antonio Santano Irungo alkatea atsekabetuta agertu da eta erasoa gogor gaitzetsi behar dela gaineratu du.

Alkateak adierazi duenez, Irungo Udalak biktimak behar duen zerbitzua eta laguntza eskainiko dio. Halaber, biktimarenganako errespetua eskatu du.

____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea albisteak Irun bideoak Eguneko albisteak