Gizartea -
LAPURRETAK ETXEETAN
Hiru emakume atxilotu dituzte 23 etxebizitzatan lapurtzeagatik
Lapurretak Nafarroan, Aragoin eta Errioxan egin zituzten. Emakumeak epailearen esku geratu ziren, eta ondoren, espetxera bidali zituzten. Antzeko gertaerak argitzeko, ikerketak irekita jarraituko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Polizia Nazionalak 20 eta 30 urte bitarteko hiru emakume atxilotu ditu, Aragoiko, Nafarroako eta Errioxako etxetan lapurtzea egotzita.
Hiru emakumeak martxoaren 4ean, ostiralean, atxilotu zituzten. Gaur, asteartea, Polizia Nazionalak adierazi duenez, atxilotuek Tuteran (Nafarroa) zuten bizitokia, eta Zaragozako (Aragoi) Actur auzoko etxeetara joan ziren lapurtzera. Atxiloketen ostean, emakumeak justiziaren esku geratu ziren, eta epaileak atxilotuen espetxeratzea agindu zuen.
Orian arte, hiru emakumeek ustez Iruñeko (Nafarroa), Calahorrako (Errioxa), eta Huescako eta Zaragozako (Aragoi) etxebizitzetan lapurtu dute. Agenteek hiru atxilotuen etxebizitza miatu zuten, Tuteran. Bertan, goi-mailako kosmetika kutxa bat, 6.000 eurotan baloratutako larruzko beroki bat eta 4.000 eurotan zenbatutako poltsak aurkitu zituzten.
Hainbat lapurreta
Hiru emakumeak, ustez talde kriminal baten kideak, Zaragozan hauteman zituzten lehen aldiz abenduan, Gabonak baino lehen. San Miguel, Sagasta eta Las Damas etorbideko hainbat etxebizitzatan egin zituzten lapurretak. Etxeetan sartu ahal izateko, bihurkinez baliatzen ziren ateetako sarrailak puskatzeko, eta plastikoak ere erabiltzen zituzten.
Bi hilabete eta gero, otsailean, Poliziak Huescan antzeman zituen berriz. Hiru emakumeetako batek aktiboki jardun zuen lapurretan. Izan ere, hainbat nortasun agiri zeuzkan eta Europako hainbat lekutan lapurtu izan zuen.
Bestetik, talde kriminaleko beste bi kideek Tuteran zuten operazio-basea. Hain zuzen ere, handik bidaiatzen zuten egunero beste hiri batzuetara, goizean goiz.
Antzeko gertaerak argitu ahal izateko, ikerketak irekita jarraituko du.