Gizartea -
Kamiñaldeko lur-jausia
Ondarroako Udala, kaltetutako bizilagunentzako etxe bila
Gaur Lea-Artibaiko herrietako alkateekin bilera egingo du Ondarroako Udalak. Ondoren Alokabideren ordezkariekin elkartuko da, zenbat etxebizitza dituzten zehazteko.
eitb.eus
Kamiñalde auzoko mendi-hegala behera eroriko dela baieztatuta, kaltetutako herritarrei hitzordua eman diete beraien beharrizanak banan-bana jakiteko. Etxetik kanpo egon beharko duten epe hori luzerako da eta Ondarroako Udala Alokabideko ordezkariekin eta Lea-Artibaiko herriekin bilduko da gaur, kaltetutako bizilagunentzat zenbat etxebizitza dauden zehazteko, Euskadi Irratiak azaldu duenez.
Noiz jakitea ezinezkoa da, baina etengabe mugitzen ari den mendi-magala behera eroriko dela baieztatu dute geologo eta teknikariek. Nolanahi ere, mendiak duen pisua arintzeko gainean dauden zuhaitz batzuk kentzeko saiakera egingo dute.
Bien bitartean, kaltetutako bizilagunen beharrak asetzeko lanean jarraitzen du etengabe Ondarroako Udalak. Etxetik kanpo egon beharrekoa luzerako joango dela eta etxebizitza bila ari da.
Gaur inguruko herrietako alkateekin bilera egingo dute, denak biltzen dituen Lea-Artibai mankomunitatean. Ondoren Alokabideren ordezkariekin elkartuko da Ondarruko Udala, zenbat etxebizitza dituzten zehazteko.
Jaso duten elkartasuna izugarria izan da, eta inguruko herrietan ere hasi dira etxebizitza hutsak eskaintzen. Kaltetutako bizilagunen artean, merkatariak ere badaude, dozena bat lokal inguru. Horietako batzuen egoera larria benetan. Deiaren zain egon gabe herritar askok Udalera jo du.