Gizartea -

Ertzaintzaren abisua

Bahiketa birtualak berriz Bizkaian: bost kasu 48 ordutan

Bahiketa faltsuen deiak Santurtzin, Leioan, Durangon, Basaurin eta Barakaldon gertatu dira. Bahitzaileak 350-5.000 euro bitartean eskatzen ditu.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bahiketa birtualak ugaritu egin direla ohartarazi du, horren moduko bost kasu atzeman ostean Bizkaian, ia 48 ordutan. Gaizkileek ezin izan dute euren helburua lortu, alegia, pertsona baten senide bat bahitu dutela esan, aske uzteko dirua eskatzeko asmoarekin.

Ertzaintzaren arabera, Euskadik iaz ezagutu zituen delitu berri horiek, bahiketa birtual saiakera asko denbora tarte txiki batean atzeman eta gero. Orduan ere ez, delitugileek ez zuten bahiketa birtualaren ordez dirurik jasotzea lortu, eta ordutik ez da halako saiakerarik gertatu.

Alabaina, Ertzaintzak bost kasuren berri izan du 48 bat ordutan, biktimek telefono dei anonimoak jaso dituzte eta horietan gertuko pertsona bat "bahituta dutela" esaten dute; eta askatzeko dirua eskatzen diote.

Bahiketa faltsuen deiak Santurtzin, Leioan, Durangon, Basaurin eta Barakaldon gertatu dira. Horietako hiruretan, ustezko bahitzaileek biktimen seme-alabak aipatu dituzte, gainerako bietan lankide bat eta dendari bat izan dira.

Gaizkileek, baina, ez dute euren helburua lortu, biktimek euren senide eta lagunekin hitz egitea lortu dutelako, ordainketa egin baino lehen.

Kasuetako batean, biktimak ezin izan du ahaidearekin harremanetan jarri eta Ertzainzak egindako lanari esker topatu ahal izan zuten, eta konprobatu onik zegoela eta ez zekiela zer ari zen gertatzen.

Aurtengo kasu guztietan, iazkoetan bezala, ustezko bahitzaileek Hego Amerikako azentua izan dute, izan ere, Ertzaintzak ez du baztertu deiak handik egin izana.

"Modus operandi"

Salatu diren kasu guztietan jarduteko modu bertsua dute gaizkileek: biktimak telefono dei bat jasotzen du ezkutuko zenbaki batetik. Ustezko bahitzaileak, normalean azentu latinoamerikarra duenak, "seme-alaba bahituta" duela jakinarazten dio, eta berak esandakoa egin ezean, umea hil edo min egitearekin mehatxatzen du.

Hori horrela, 350-5.000 euro arteko kopurua emateko galdegiten dio, lokutorio batean egindako transferentzia bidez. Gaizkileek berehala ordaintzeko presio egiten diote biktimari, honek seme-alabak non dauden egiaztatzeko denborarik izan ez dezan.

Tentsioari eusteko, hainbat trikimailu erabiltzen dute gaizkileek: biktimari ez diote deia eskegitzen uzten, eta hala, ezin du maularen berri inori eman.

Ertzaintzaren arabera, gehienetan biktimak ausaz aukeratzen dituzte eta zenbaitetan biktimek ez dute seme-alabarik. Beste batzuetan, ordea, ustezko bahitzaileek ikerketa egiten dute biktimaren datuak biltzeko, sare sozialak aztertuta, besteak beste. Hori horrela, zenbaitetan seme-alaba barik, aita edo neba-arrebak izaten dira ustezko bahiketaren jomuga.

Bahiketa birtual baten biktima izaten ari zarela uste baduzu, hainbat gomendio eman ditu Ertzaintzak: aurrena, lasai egotea; bigarrenik, ustezko bahituta non dagoen egiaztatzea eta; hirugarrenik, ordainketarik ez egitea. Horrez gain, 112 telefonora berehala deitzea aholkatu du Ertzaintzak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Basauriko berriak Ertzaintza Santurtzi bideoak Gaurko albisteak Bizkaia Barakaldo Iruzurrak berriak Leioa berriak Durango Albisteak