Gizartea -
Bermea ordaindu dute
Angelun atzemandako bi itsasontzi gipuzkoarrak aske gelditu dira
Azkenean 3.000 euroko fidantza ordaindu du Getariako ontziak eta 2.000 Hondarribiakoak, sardina harrapatzea egotzita.
Erredakzioa
Fidantza ordainduta, sardinatan aritzea leporatuta Frantziako itsas agintariek Angelun (Iparralde) atxilotu zituzten bi arrantza-ontzi gipuzkoarrak aske dira.
Gaur bertan ordaindu dute Getariako Santa berria etaHondarribiako Luis Barranko ontzietako kapitainek BaionakoAuzitegiak aske geratzeko jarri dien bermea, Eugenio EmazabalHondarribiako Kofradiako presidenteak iragarri duenez. 3.000 euroko fidantza ordaindu du Getariako ontziak eta 2.000 Hondarribiakoak, sardina harrapatzea egotzita.
Frantziako agintarien arabera, debekua urratu eta sardina harrapatzen ibili dira bi ontziak. Hondarribiako eta Getariako arrantzaleek, berriz, antxoarekin nahastuta zegoela diote, eta behin banatuta itsasora botatzeko asmoa zutela.
Bi ontziak atzotik zeuden atxikita Angeluko portuan, sardina arrantzatzea leporatuta. Araudiaren arabera, euskal ontziak Frantziako kostaldean 12 milia sar daitezke antxoa harrapatzeko, baina ez sardina arrantzatzeko.
Eugenio Emazabal Hondarribiako kofradiako presidenteak Euskadi Irratian azaldu duenez, bi ontziak ez ziren atzo sardinetara atera: "Kontua da, antxoa eta sardina nahastuta daudela eta antxoetara ateratzerakoan, nahastu egiten direla. Baina, guk banatu egiten ditugu; ez ditugu sardinak harrapatu nahi. Edozein barkuri gerta liezaioke. 1.000 kilo barku batek eta 2.000 kilo besteak, ez da kopuru handia".
Emazabalek fidantza handiagoak espero zituen. "Orain hiru urte 20.000 euro ingurukoa izan zen fidantza eta gure ustez orain ere antzekoa izango da", adierazi du Emazabalek.