Gizartea -

2014ko martxoan Bilbon

Goi Bilera ekonomikoan izandako kalte guztiak, gazte bati egotzita

Fiskaltzak 120.000 euroko isuna eta bi urteko kartzela-zigorra eskatu du gaztearentzat, Bilbon egindako Nazioarteko Goi-bilera Ekonomikoaren harira Zazpikaleetan izandako kalteengatik.

Liskarrak Bilboko Kale Nagusian, Goi-bileraren egunean. Irudia: EFE
Liskarrak Bilboko Kale Nagusian, Goi-bileraren egunean. Irudia: EFE
Liskarrak Bilboko Kale Nagusian, Goi-bileraren egunean. Irudia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ministerio Publikoak bi urteko kartzelaldia eta 120.000 euroko isuna eskatu du gazte batentzat, 2014ko martxoaren 3an Bilbon izandako Nazioarteko Goi-bilera Ekonomikoaren harian Zazpikaleetan egindako kalte guztiak hari leporatuta.

Epaiketa gaur, osteguna, goizean izan da eta, bertan, fiskalak esan du logikoa dela pentsatzea gaztea kalteak eragin zituen taldeko partaidea izatea, ertzainen esanetan, akusatuak objektuak jaurti zituelako eta poltsikoan petardoak eta erroberak zeramatzalako.

Hori dela eta, inputazio elkarkariaren printzipioan oinarrituta, kalteak eragin zituzten gertakariak "akusatuari leporatu lekizkiokeela".

Izan ere, printzipio hori bera aipatu du Bilboko Udalak, eta 75.500 euroko kalte-ordaina eskatu dio akusatuari, hirian izandako kalteengatik.

Defentsak, bere aldetik, gaztea absolbitzea eskatu du, proba faltagatik, edo, behintzat bere erantzukizuna zehaztuta, gutxieneko zigorra ezartzea.

Epaiketa egiten ari ziren bitartean -epaiaren zain geratu da- ehun lagun baino gehiagok elkarretaratzea egin dute (tartean EH Bilduko zenbait batzarkide) EGI Libre plataformak deituta, Justizia Jauregiaren aurrean, prozesua "borroka soziala zigortzeko modu bat" dela salatzeko.

2014ko martxoaren 3an, hainbat erakunde sozialek ekitaldiak deitu zituzten Guggenheim Museoan egindako Nazioarteko Goi-bilera Ekonomikoaren aurka protesta egiteko. Gailurra Europako Banku Zentralak, Europako Kontseiluak eta Nazioarteko Diru Funtsak antolatu  zuten.

Egun osoan istiluak izan ziren, Bilboko hainbat puntutan, eta 12 lagun atxilotu eta inputatu zituzten.

Gaurkoa gertakari horien lehen epaiketa izan da eta, abokatuak egindako galderei erantzunda, akusatuak erabat ukatu ditu liskarretan parte hartu izana. Bere esanetan, Zazpikaleetara heldu zen unean, 17:30ak aldera, Ertzaintzak harengana jo eta atxilotu zuen.

Gaztearen arabera, berak eta agenteek indarrez egin zioten elkarri eta, azkenean, jo egin zuten gorputzaren hainbat ataletan, umeldurak eragin zizkioten arte, medikuaren txostenak jasotzen duen bezala.

Bestalde, akusatuak adierazi du 600 euroko soldata jasotzen duela eta behin behinean ari dela lanean, lanaldi partziala eginda.

Fiskalaren idazkiak bi ertzainen deklarazioak jaso ditu eta, horien arabera, Unamuno Plazara heldu zirenean, 100 bat pertsona istiluak eragiten ari ziren.

Horren ildotik deklaratu dutenez, akusatua objektuak polizia-autoen aurka jaurtitzen ari zela ikusi zuten, kaputxa bat zeramala eta aurpegia erdi estalita zuela.

Ondoren, gazteak aurpegia estaltzen zion oihala kendu eta "lekutik alde egiten saiatu zen, disimulatzen", hori dela eta, agenteetako batek harrapatu zuen, baina akusatuak "erresistentzia erakutsi zuen" eta, azkenean, beste agente batek zoruaren kontra jarri eta atxilotu egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Ertzaintza Zer gertatu da gaur Bizkaian? Delituak albisteak Epaiketak bideoak Gaurko azken orduko albistea