Gizartea -
Apirilaren 9an
Feministok Prest! plataformak martxa 'historikoa' egingo du Gasteizen
Manifestazioak beste erkidegoetatik etorritako emakumeak ere hartuko ditu, baita Ipar Euskal Herritik, Latinoamerikatik, Ingalaterratik eta Holandatik etorritakoak ere.
agentziak | erredakzioa
Euskal Herriko plataforma feministak manifestazio nazionala egingo du apirilaren 9an Gasteizen, eta "historikoa" eta "jendetsua" izatea espero du, indarkeria matxistaren aurkako politika publikoek eragina izan dezaten, kolpea, hilketa eta bortxaketatik harago.
Feministok Prest! Euskal Herriko talde feministak biltzen dituen plataformak antolatu du martxa, "11 eraso 12 erantzun, zuen indarkeriak erantzuna izango du" lelopean. Manifestazioak beste erkidegoetatik etorritako emakumeak ere hartuko ditu, baita Ipar Euskal Herritik, Latinoamerikatik, Ingalaterratik eta Holandatik etorritakoak ere.
Dagoeneko, ekimenak gutxienez 250 kolektiboren babesa jaso du, eta antolatzaileek espero dute gutxienez 1.000 lagunek modu pertsonalean bat egitea. Besteak beste, Anna Gabriel CUPeko diputatuaren atxikimendua izatea espero dute.
Ekimenaren helburua da indarkeria matxistaren gaineko eztabaida gizarteratzea eta, denon artean, zehaztea zer den emakumeen aurkako indarkeria, antolatzaileen arabera, "kolpea, hilketa eta bortxaketatik harago" baitago.
Horren ildotik, martxaren antolatzaileen nahia da indarkeria matxistaren aurkakok politikek gaur egungoek baino eragin handiagoa izan dezaten.
Alitxu Martinez del Campok, beste kiderekin batera egindako prentsaurreko batean, gogorarazi duenez, emakumeek indarkeria "emozionala, psikologikoa, ekonomikoa eta sexuala" pairatzen dute, baita "erakundeen aldetik" ere.
Gainera, biktima etorkina denean, bestelako indarkeria motan baten biktima izan liteke, alegia, jarrera arrazistek eta xenofoboek eragiten dutena, gaineratu du.
Horren haritik, ohartarazi du zenbait indarkeria mota gertatzen direla egunero emakumeen aurka, nahiz eta egunkarietako titularretan agertzen ez diren.
Gogorarazi duenez, oraindik nabaria da gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten arteko ezberdintasuna, lan berdina egiteagatik, eta, era berean, salatu egin du lan baldintza kaskarrenak emakumezkoei egokitzen zaizkiela.