Gizartea -
Begi bat galdu zuen 2012an
Quintana: 'Mosso armatu bat ikusi, buelta eman eta zauritu ninduten'
2012ko azaroaren 14an, greba orokorrean, begi bat galdu zuen emakumeak epaitegian ziurtatu duenez, eskopetariak gomazko pilota jaurti zuenean ez zegoen istilurik eta egoera “lasaia” zen.
Agentziak | Erredakzioa
“Mosso armatu bat ikusi, buelta eman eta zauritu ninduten”, adierazi du gaur Ester Quintanak, 2012ko azaroaren 14an, greba orokorrean, begi bat galdu zuen emakumeak. Inspektoreorde bat eta eskopetari bat epaitzen ari den auzitegiaren aurrean ikara sentitu zuela aitortu du emakumeak.
Pertsona talde batean Gracia pasealekutik zihoan greba orokorraren egunean, eta Poliziak inguraturik zituen, beraz, ez zuten ihesbiderik inon; horregatik “beldurra” izan zuela esan du Quintanak Bartzelonako Auzitegian.
E.C.P. eta L.B.B mossoei bi urteko espetxe-zigorra eta lanean aritzeko lau urteko debekua ezartzea eskatu du fiskalak, arduragabekeria larriagatik. Bederatzi urteko kartzela-zigorra eta lanean aritzeko bederatzi urteko debekua eskatu du Quintanaren abokatuak, lesio delitu batengatik; izan ere, biktimak begi bat galdu zuen.
Eskopetariak gomazko pilota jaurti zuenean istilurik ez zegoela eta egoera “lasaia” zela ziurtatu du Quintanak.