Gizartea -

Epaiketa Bartzelonan

Ester Quintana: 'Justizia egingo dela espero dut'

Ester Quintanari begia galduarazi zion gomazko pilota botatzea leporatuta, bi mosso auzipetu dituzte. Astelehen honetan hasi da epaiketa.

Mossoek botatako pilotakada baten ondorioz Ester Quintanak begia galdu zuen. Argazkia: EFE
Mossoek botatako pilotakada baten ondorioz Ester Quintanak begia galdu zuen. Argazkia: EFE
Ester Quintana: 'Justizia egin dadin nahi dut'

0:58

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012ko azaroaren 14an deitutako greba orokorrean izandako manifestazioan, begia galdu zuen Ester Quintanak, Esquadra Mossoek jaurtitako gomazko pilotakada batek jota.

Gaur hasi da epaiketa Bartzelonako Auzitegian. "Justizia egingo dela espero dut", azpimarratu du Quintanak epaitegian sartu aurretik.

"Hiru urte daramatzat epaiketa honen zain, oso garrantzitsua da gomazko pilotakaden eta polizia-indarkeriaren biktima guztientzat", erantsi du.

Lehendabiziko saioan aurretiazko gaiak ebatzi dituzte, hala nola Quintanak berak begia galduarazi zion kargaren irudiak ikusi ahal izatea; epai-mahiak ez du onartu eskaera hori.

Horrez gain, lekukoek, segurtasun kamera ezberdinek eta komunikabideek manifestazio hartan grabatutako irudiak aztertu dituzte. Bideo horietako batzuetan Esquadra Mossoak gomazko pilotakadak jaurtitzen dituztela entzun daiteke eta, beste irudi batean, Quintana zaurituta ageri da.

Auzipetutako bi agenteak inspektoreorde bat eta eskopetero bat dira. Bartzelonako Justizia Jauregian atzeko atetik sartu dira, poliziek lagunduta eta komunikabideak saihestuz.

Epaiketak astearte honetan jarraitu du, 10:00etatik aurrera. Ester Quintanak eta zortzi lekukok deklaratuko dute; bi akusatuek apirilaren 27an deklaratuko dutela espero da.

Akusatutako bi mossoak epaiketa Ester Quintana EFE

(Auzipetutako bi mossoak. Argazkia: EFE)

Kartzela-zigor eskaerak

Fiskaltzak bi urteko kartzela eskatu du bi mosso horientzat -inspektoreorde bat eta eskopetari bat- emakumeari lesio delitu larriak eragitearren; aitzitik, herri-akusazioak bederatzi urteko kartzela zigorra eskatu du bientzat.

Fiskaltzaren esanetan, frogatuta gelditu da inspektoreordeak gomazko pilotak botatzea agindu ziola auzipetutako beste mossoari, nahiz eta "egoerak ez zuen gomazko pilotak botatzea eskatzen eta hain kaltegarriak ez diren bestelako bitartekoak erabil zitzaketen"; izan ere, toki horretan eta une horretan ez ei zegoen inolako istilurik.

2012an Felip Ruig buru zuen Generalitateko Barne Kontseilaritzak ukatu egin zuen mossoek gomazko pilotak jaurti zituztenik eta baztertu egin zuen Quintanaren begiko lesioa pilota batek eragin zuenik; haren esanetan, toki hartan salbak soilik jaurti zituzten -muniziorik gabeko tiroak- manifestariak sakabanatzeko.

Handik bi urtera, ez zutela gomazko pilotakadarik jaurti berretsi zuten auziperatutako bi mossoek epailearen aurrean, aurrez, inputatu gisa egindako lehendabiziko agerraldian esan bezala.

Hala eta guztiz ere, 2015eko uztailean bi mosso horien defentsa abokatuak epailearen aurrean aitortu zuen Poliziaren jaurtigai batek eragin zuela Quintanaren lesioa; hori bai, ukatu egin zuen jaurtigai hori haren bezeroetako inork bota zuenik.

Bestalde, 2015eko irailean Generalitateko Barne Kontseilaritzak Ester Quintanari 260.391 euroko kalte-ordaina ematea erabaki zuen, hala ere, ordainketa horrek ez zuen eragin bide judizialaren amaiera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona bideoak Epaiketak argazkiak Gizartea Gaurko azken orduko albistea