Gizartea -
Genero indarkeria
Gizon bat kondenatu dute Gipuzkoan neska bat jazartzeagatik
Epaiak 720 euroko isuna ezarri dio gizonari jazarpen delituagatik, nortasunaren nahasmendua aringarri gisa izanik.
Agentziak | Erredakzioa
Gizonezko batek isun bat ordaindu beharko du neska bat jazartzeagatik, haren aurka etengabe "hertsatu eta jarraitu" baitzuen, bai aurrez aurre, bai sare sozialetan, edota telefono deiak eginda zein mezu elektronikoak bidalita, egoera "jasangaitza" izanik emakumearentzat.
Kasuko epaian jasotzen denaren arabera, prozesatuak duela 12 urte ezagutu zuen biktima biek bizileku zuten Gipuzkoako barnealdeko herri batean.
Ebazpenak dionez, hortik aurrera "aldizkako" harreman "adeitsua" zeukaten eta "elkar agurtzen zuten ikusten zirenean". Alabaina, 2011ko urte bukaeran, akusatua "harremana areagotzen hasi zen, etengabe egiten zituen telefono-deien eta mezu elektronikoen bidez". Garai horretan biktima dagoeneko ez zen bizi herri berean.
Nahiz eta emakumeak "behin baino gehiagotan adierazi zion" gizonezkoari gehiago ez deitzeko eta ez zuela nahi berarekin "inongo harremanik izan", hark hots egiten jarraitu zuen "50 edo 60 aldiz", Facebook bidez hainbat mezu bidali zizkion sare sozial horretan "profil faltsuak sortu zituen" neskarekin harremanetan jarraitzeko xedearekin.
Horrez gain, neska bere jaioterrira itzultzen zen aldi bakoitzean edota egun seinalatuetan (herriko jaietan edo Gabonetan), gizonezkoa "haren atzetik ibiltzen zen herriko kaleetatik eta tabernetatik zehar. Haren atzean jartzen zen, sorbaldan ukituak egiten zizkion eta berarekin hitz egin nahi ziola esaten zion behin eta berriz".
"Biktimarengan egiten zuen jazarpena horren handia zen, ezen 2014ko urriaren 18an Madrilera bertaratu zela biktimak antzezten zuen obra ikusgai zegoen antzokira. Horrez gain, 2015eko urtarrilaren 6an biktimaren gurasoen etxebizitzara joan zen neskarekin hitz egiteko asmoz", dio epaiak.
Ebazpenaren arabera, "jazarpen maila horrek larritasun eta ezinegon handia" eragin zion neskari. Hori dela eta, 2014ko azaroan neskak prozesatua salatu zuen, eta horren aurrean instrukzioko epaitegiak urruntze-agindua eman zuen.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, epaiak 720 euroko isuna ezarri dio gizonari jazarpen delituagatik, nortasunaren nahasmendua aringarri gisa izanik.
Era berean, ezin izango da biktimarengana hurbildu, ezta berarekin komunikatu bi urte eta erdiz.