Gizartea -
Tuterako hilketa
Hiru atxilotuak espetxera bidali ditu epaileak
38, 20 eta 19 urteko hiru atxilotuak Tuteran bizi ziren eta hirurak Aljeriako herri berdinean jaio ziren. Bi atxilotuk zigor-aurrekariak dituzte.
Erredakzioa
Hiru atxilotuak espetxera bidali ditu Tuterako (Nafarroa) epaitegiko epaileak, "fidantzarik gabe eta komunikatuta". 32 urteko Javier Martinez Llort gaztea ustez hiltzeagatik atxilotu zituzten.
38 urteko A. B., 20 urteko M. K. eta 19 urteko K. H. dira atxilotuak, hirurak Tuteran bizi dira eta Aljeriako herri berdinean jaio ziren, Polizia Nazionalak komunikatu baten bidez jakitera eman duenez. Bi atxilotuk zigor-aurrekariak dituzte, batek lapurtzeagatik eta beste batek indarkeriaz lapurreta egiteagatik.
Foruzaingoak eta Polizia Nazionalak atxilotu zituzten hiru lagunak.
Iragan igandean Javier Martinez Llort konorterik gabe, lurrean botata eta buruan kolpe bat zuela aurkitu zuen Tuterako bizilagun batek. Antza denez, gazteari Queiles pasealekuan eraso egin zioten.
Gaztea Tuterako Sofia Erregina Ospitalera eraman zuten, baina Nafarroako Gobernuko helikoptero batek Iruñeko Nafarroako Ospitalera eraman zuen ondoren. Bertan ebakuntza egin zioten, baina hil egin zen.