Gizartea -

Los Cristianosen

Bederatzi lagun desagertuta, Tenerifen behera etorritako eraikinean

Guztira hamaika pertsona desagertuta zeuden, hondarkin artetik ateratako hildako bi emakumeak barne.

Eraikin bat behera etorri da Tenerifen. EFE.
Bigarren emakume baten gorpua atera dute hondakinen artetik

1:02

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aronako Udalak jakinarazi duenez, bi emakume hil dira eta bederatzi pertsona desagertuta daude oraindik Tenerifeko Los Cristianosen eraikin bat behera etorri ostean.

Udalak prentsa oharrean azaldu du, guztira hamaika pertsona desagertuta zeudela, hondarkin artetik ateratako hildako bi emakumeak barne.

Lehen gorpua atzo arratsaldean aurkitu zuten. Antza, 77 urteko emakume batena da. Bigarren gorpua 04:45 aldera aurkitu dute gaur, eta ordu erdi geroago atera dute hondarkin artetik.

Bost solairuko eraikinak (dendak ere bazeuden etxabean) hogei etxebizitza baino gehiago zituen, eta Valle Menendez kalean zegoen. 09:30ean erori da, oraindik ez dakite zergatik.

Guztira 89 pertsonek utzi behar izan dituzte euren etxeak, hoteletara eta campingetara edo familiarteko etxeetara joateko.

200 lagun baino gehiago, hondakinak kentzeko lanetan

Hondakinak kentzeko lanetan, eta biktimei beharrezko laguntza ematen, 200 lagun baino gehiago ari dira; 57 suhiltzaile, Gurutze Gorriko 52 kide, UME Larrialdietako Unitate Militarreko 50 soldadu, Guardia Zibileko erreskate-unitateko bost agente, 32 polizia nazional, Babes Zibileko 45 boluntario eta 17 psikologo.

Suhiltzaileak eta UMEko militarrak koordinatuta ari dira lan egiten makineria astunarekin, eraikinean erori den aldean lanean baina erori ez den aldeari ere begira, alkateak azaldu duenez. Horren esanetan, beharrezko neurri tekniko guztiak hartuko dituzte "apurka-apurka egitura osoa kentzeko".

Horren ildotik, Tenerifeko Kabildoko presidente Carlos Alonsok esan du erabateko lehentasuna duela erreskatea segurtasun-baldintza guztiekin egitea; izan ere, "zutik geratu den horma bat hondakin artera erortzeko arrisku handia dago".

Kezka handia piztu du horma horrek, eta eraisketak egiten aditua den enpresa bati deitu diote, erortzeko arriskuan dagoena bota dezan, Carlos Alonsok azaldu duenez. Presidenteak nabarmendu du horixe dela orain lehentasuna, eta ondoren ikertuko dutela zergatik erori zen eraikina.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Desagertutako pertsonak gaur