Gizartea -

PASAIAN

Etxegabetze bat geldiarazi du Udalak Kaleratzeak Stopekin bildu ostean

Pasaiako Udalak, Kaleratzeak Stop plataformarekin bildu ostean, etxebizitzaren eraistea geldiarazteko eskatu zieten BBVAko arduradunei. Kaltetuak, langabezian, ezin zituen kuotak ordaindu.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BBVAk biharko jarrita zegoen Trintxerpeko auzotar baten etxegabetzea geldiarazi du, astelehen honetan Pasaiako Udalak Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformarekin izan duen bileraren ostean.

Kaleratzeak Stop-ek ohar batean adierazi duenez, Udaleko zinegotziekin izandako bileraren ostean, Izaskun Gomez (PSE-EE) Pasaiako alkatea harremanetan jarri da BBVAko arduradunetako batekin. Plataformako kideen arabera, alkateak "Donostiako lehen auzialdiko bigarren zenbakiko epaitegiak agindutako kaleratzea bertan behera uzteko agindu du".

Plataformak, oharraren bidez, eskertu du BBVAk, "gizarte presioaren" eta "Udalaren esku-hartzearen" ondorioz, erakutsi duen "borondate ona". Kaleratzeak Stop-ek esan duenez, Udalaren parte hartzeak "bigarren aukera batentzako negoziazioa" eta "kaleratzea bertan behera uztea" suposatu duela. Hori dela eta,  Kaleratzeak Stop-ek biharko antolatu duen bilkura bertan behera utzi du. Etxebizitza Pasaiako Trintxerpe auzoan dago, Azkuene kalean.

Ez ordaintzeak

Kaltetuak besoan eta eskuan % 37ko elbarritasuna du. BBVAk emandako 150.000 euroko hipoteka-maileguari esker, 2002an erosi zuen etxebizitza. Hala ere, 2013an lanik gabe geratu zenez, ezin izan zituen 1.030 euroko hileroko kuotak ordaindu,

Kaleratzeak Stop-en komunikatuari jarraiki, kaltetuak bost kuota baino ez zituen utzi ordaindu gabe. Plataformak zehaztu duenez, "2013ko martxoan, hipoteka lege ez bidezkoaren babespean, bankuak etxebizitza enkantean esleitu zuen eta 122.372,38 euro eskatu zizkion kaltedunari".

2014ko abenduan, BBVAk etxebizitzaren % 70 bereganatu zuen enkante publiko batean. Ondorioz, kaltetuari 120.000 euroko zorra gelditu zitzaion. Gipuzkoako Kaleratzeak Stop-ek argitu du erabaki honek "bere 800 euroko nominaren bahitura partziala" ekarriko lukeela, egun GUREAK taldean lan egiten duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBVA Etxegabetzeak gaur Gizartea Albisteak Gaur Pasaia argazkiak Albisteak Etxebizitza albisteak