Gizartea -
OSASUN IKERKETA
Garagardoa neurriz edateak arrisku kardiobaskularrak murriztu ditzake
Hipertentsio Arterialean aditu diren mediku batzuek garagardoa neurriz edateak osasunean duen eragina ikertu dute. Dieta mediterraneoa jarraitzea eta kirola egitea dira aholkuetako batzuk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hipertentsioaren aurkako Espainiako Elkarteak (SEH-LELHA) eta Garagardoa eta Osasuna Informazio Zentroak (CICS) Euskadiko ospitaletako Hipertentsio Unitateetan banatuko duten dokumentu bat aurkeztu dute astearte honetan, Bilbon.
Madrilgo San Carlos Ospitale Klinikoko Hipertentsio Arterialeko Unitateko Jose A. Garcia-Donaire, Maria Abad Cardiel eta Nieves Martell Claros doktoreek honako dokumentu hau aurkeztu dute: "Bizimodu osasungarri batek pertsona hipertentsiboetan duen garrantzia. Garagardoa neurriz kontsumitzearen eragina". Idazkiaren arabera, badaude hipertentsio arteriala saihesteko lagungarri diren ohiturak, besteak beste, dieta mediterraneoa jarraitzea. Gainera, garagardoa eta antzeko edari hartzituak neurriz kontsumitzeak hipertentsio arteriala izateko arriskua murriztu dezake.
Gida horretan ateratako ondorioen artean, hau aipatu dute: "garagardoaren osagai naturalak arrisku kardiobaskularrak saihesteko eta arterien tentsioa kontrolatzeko egokiak dira. Horretarako, garagardoa neurriz kontsumitu behar da (200 mililitroko bizpahiru kaña gizonentzako eta bat edo bi emakumeentzako)".
Jose A. Garcia-Donaire doktoreak baieztatu duenez, "bizimodu osasungarri bat, hipertentsioa kontrolatzeko ez ezik, gaixotasuna prebenitzeko edo atzeratzeko ere lagungarri izan daiteke, modu eraginkor batean".
"Garagardoa neurriz kontsumitzearen beste abantailetako bat edariaren sodio kopuru urria da. Ikerketa zientifiko gehienek egiaztatu dutenez, harreman estua dago presio arterialaren igoeraren eta gatz kopuru handia duten elikagaien artean", azaldu du Garcia-Donaire doktoreak. Halaber, garagardoak mineral ugari ditu, hala nola potasioa, magnesioa eta silizioa. Garcia-Donairek erantsi du osagai horiek onuragarriak izan daitezkeela "osasun kardiobaskularrerako zein hezurretarako eta baita diabetesa saihesteko ere".
Hipertentsioa murrizteko aholkuak
Dieta mediterraneoa jarraitu, fruituak eta barazkiak jan, gatzaren kontsumoa gutxitu eta pisu orekatua mantentzea dira hipertentsioa duten pertsonek kontuan hartu beharreko gomendio batzuk. Horiez gain, erretzeari uztea eta astero gutxienez bost alditan neurrizko intentsitateko ariketa fisikoak egitea dira beste bi aholku. Modu horretan, arrisku kardiobaskularrak murriztu eta beste gaixotasun mota batzuk saihestu daitezke.