Gizartea -
Immigrazioaren drama
NBEk uste du 500 pertsona hil direla Mediterraneoan
Hori hala gertatu dela baieztatuko balitz, azken 12 hilabeteetan errefuxiatuek eta migratzaileek pairatutako tragedia handiena izango litzateke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ACNUR Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak ohartarazi du balitekeela 500 migratzaile hil izana joan den astean Mediterraneoan jazotako hondoratze batean, ezbehar horretan bizirik erreskatatu zituzten pertsonek kontatu dutenez.
Testigantza horiek baieztatuko balira, errefuxiatuek eta migratzaileek azken 12 hilabeteetan pairatutako tragedia handiena izango litzateke.
Bizirik erreskatatu ahal izan zituzten pertsonen esanetan, Libiatik 100-200 migratzaile abiatu ziren, 30 metro luze zen ontzi batean.
Hainbat orduz nabigatu ostean, gizaki-trafikatzaileek ontzi handiago batera transferitu zituzten, eta, horretan, ehunka pertsona pilatu zituzten.
Ontzi batetik bestera pasatzeko prozesu horretan, ontzietako bat, bien artean handiena, irauli egin zen, eta hondoa jo zuen.
Guztira 41 pertsona erreskatatu ahal izan zituzten, hiru egun itsasoan noraezean ibili ostean.
Duela urtebete, 700 pertsona hil ziren Siziliako Kanalean, ontzi bat hondoratuta. Mediterraneoan azken 20 urteetan gertatutako tragedia handiena izan zen.