Gizartea -

Tenerife

Gasteizko Imsersoaren bidaia bateko kideak, sutan ostatuarengatik

Haserre dira Puerto de la Cruz herrian (Tenerife) eman dizkieten apartamentuek ez dutelako betetzen 'enkargatu, kontratatu eta ordaindu' duten kalitatearekin.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tenerifera Imsersoaren bidaia batekin Gasteiztik joan diren 50 bat pertsonak uko egin diote Puerto de la Cruz udalerriko apartamentu batzuetan lo egiteari aurkitu dituzten baldintza eskasengatik; horrez gain, bidaia antolatu duen Mundiplan aldi baterako enpresa-elkarteari iruzur egin izana leporatu diote.

Taldeko kide den Isidro Lopezek Europa Pressi salatu dionez, beren kexa nagusiena da eurek lau izarreko hotel bat kontratatu zutela, eta Mundiplani egozten diote bidaiaren eskaintzan agindu zietena baino maila gutxiagoko bat egokitu dietela.

"Duela ordubete iritsi gara uhartera, eta hiru izarreko apartamentu batzuetara ekarri gaituzte, baina ez luke ezta bi izar eduki behar ere, eta bertara iristeko dena da aldapa, kontratatu dugun hotela hondartzatik 150 metrora egon behar zenean", zioen Lopezek atzo.

Taldea asteazken eguerdian iritsi zen, eta berehala jarri zen Mundiplanekin harremanetan (Kanariar eta Balear uharteetara joateko bidaia-sortak antolatzeko lana eskuratu duen aldi baterako enpresa-elkartea). "Agentziako andreari hots egin diogu, baina ez digu konponbiderik ematen; gainera, hotelaren aldaketa gainerreserba arazo bati egozten dio", azaldu zuen Lopezek berak.

Egoeraren eraginpean daudenek Mundiplani hotelez aldatzeko eskatzen diete (kontratatu dutenaren kalitate bereko edo gehiagoko den beste batera), zeren "hiru maila beherago dauden apartamentu batzuetan jarri gaituzte, ez datozenak inondik inora bat enkargatu, kontratatu eta ordaindu genituenarekin", nabarmentzen dute.

Bidaiari taldeak Tenerifen 9 gau eta 10 egun igarotzea espero du, eta Mundiplanek konponbide bat ematen ez dien bitartean, ostatu eman dieten apartamentuetako harrerarik ez direla mugituko ziurtatu dute.

Ez da lehen aldia erretirodun talde bat kexu azaltzen dena Puerto de la Cruzen jasotako establezimenduekin. Duela astebete eskas, Badajozeko talde batek ere uko egin zion kontratatu zutena baino maila baxuagoko hotel batean ostatu hartzeari. Harako hartan Mundiplanek gainerreserbari egotzi zion gertatutakoa, kasu honetan egin legez.

Itxura denez, arazoaren oinarrian honako hau dago: joan zen urteko urritik Mundiplanek Mundosenior izeneko enpresa-elkarteari adindunentzako hiru bidaia-sortetako bat (Kanariar eta Balear uharteetarakoa) kendu izana, 25 urtez monopolioa izan ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Albisteak Kanariak azken ordukoa Turismo-apartamentuen albisteak