Gizartea -
Nafarroan
Bi adingabe ikertzen ari dira irakasle baten nortasuna usurpatzeagatik
Erriberako ikastetxe bateko 15 eta 16 urteko bi adingabek ustez webgune bat sortu zuten euren andereñoaren izenean.
Agentziak | Erredakzioa
15 eta 16 urteko Nafarroako bi adingabek irakasle baten nortasuna interneten usurpatu ote zuten ikertzen ari da Guardia Zibila; haren izenean webgune bat zabaldu zuten susmoa du eta.
Nafarroako Erriberako herri batean jazo da afera. Otsailaren 8an ikastetxe batean irakasle den emakumezko batek salaketa jarri zuen, haren izena zuen webgune bat dela eta. Bertan, eskolako beste irakasle baten itxuraren inguruko iruzkinak egin zitezkeen, baita nota jarri ere.
Webgunearen administrariak nortzuk ziren ikertzen hasi zen orduan Guardia Zibila, eta kontua zabaltzeko erabilitako IPa topatu zuen. Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Kontseilaritzaren izenean zegoen ordenagailu batetik egin sortu zuten webgunea, agenteek egiaztatu ahal izan zutenez.
Ikerketa egiteko Hezkuntza Kontseilaritzaren eta eskolaren laguntza izan zuen Guardia Zibilak. Izan ere, ikastetxeko informatika gelatik egin zen erregistroa. Eguna eta ordua zehaztuta, gela horretara sartzeko baimena eduki zuten bi adingaberen peskisan jarri ziren agenteak.
Ikertuek 18 urte baino gutxiago dituztenez, auzia Iruñeko Adingabeen Fiskaltzak hartu du bere gain.