Gizartea -
''CLASH-FUEGO'' OPERAZIOA
12 atxilotu, Internet bidezko iruzurren aurkako operazio batean
Polizia Nazionalak Internet bidezko iruzurraren aurkako operazioa abian jarri du Espainian, eta 12 pertsona atxilotu dituzte, besteak beste, Zumaian eta Gasteizen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Polizia Nazionalak 12 pertsona atxilotu ditu Estatuan, tartean Zumaian eta Gasteizen, Internet bidez iruzur egiten zuen talde kriminal bateko kideak izatea egotzita. Iruzurgileek musika eta kirol ikuskizunetarako eskaintza faltsuak egiten zituzten, bai eta etxebizitzen alokairu eskaintza faltsuak ere. Poliziaren arabera, 264 pertsona dira biktimak, eta baliteke 50.000 euro baino gehiago lotu izana iruzur bidez.
Barne Ministerioaren arabera, polizia operazioan 29 eta 69 urte bitarteko 10 gizon eta bi emakume atxilotu dituzte. Euskal Herrian egindako atxiloketez gain, Errioxan, Asturiasen eta Alacanten egin dituzte gainerakoak.
Bestalde, Poliziak hainbat dokumentu eta material informatiko atzeman ditu Logroñon, Entrenan eta Ezkarain (Errioxa) eta beste bat Gijonen (Asturias) egindako lau etxeren miaketetan.
8 hilabeteko ikerketa
Polizia ikerketa irailean hasi zen Internet bidezko iruzurraren aurkako salaketa kopurua nabarmen hasi zenean. Iruzurgileek salerosketak egiteko web ezagunak erabiltzen zituzten lehen mailako futbol partidetarako, kontzertuetarako eta aisialdirako sarrerak zein, oporraldietarako apartamenduen alokairuak eskainiz.
Horretarako, hainbat telefono zenbaki erabiltzen zituzten eta, deien bidez edo WhatsApp aplikazioaren bitartez, biktimen konfiantza irabazten zuten.
Era berean, iruzurgileek produktua edo zerbitzua ordaintzeko modua ere ezartzen zuten. Biktimek berariaz sortutako banku kontu batera egin behar zituzten diru transferentziak. Behin dirua kontuan zegoenean, segituan ateratzen zuten, biktimek itzulketak egiteko aukerarik izan ez zezaten.
Gutxienez, 264 biktima
Ministerioaren arabera, baliteke 50.000 eurotik gora kendu izana iruzur bidez salaketa jarri duten 264 biktimei, baina oraingoz ez dago kopuru hori baieztatzerik, izan ere, hainbat salaketa ikertzen ari dira oraindik.