Gizartea -
Turismoa martxoan
Iaz baino 18.000 turista gehiago hartu zituen EAEk
% 24 igo dira bisitariak Araban, % 17 Gipuzkoan eta % 6 Bizkaian. 2009an baino ia 10.000 turista gehiagok nekazal etxeetan lo egin zuten.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel-establezimenduek iazko martxoan baino 18.000 bisitari gehiago izan zituzten, % 13 gehiago. Ostatu-gauak, bere aldetik, urtetik urtera % 10 igo ziren, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) datuen arabera.
Hain zuzen, 161.885 turista hartu zituzten hotelek martxoan, 2009ko martxoan baino 18.000 bisitari gehiago. Hiru herrialdeetan gora egin zuen bisitari kopuruak, % 24 Araban, % 17 Gipuzkoan, % 6 Bizkaian.
Turista atzerritarrak izan dira nagusi, % 17 gora egin dute EAEn. Araba izan da lurralde bisitatuena ( % 51), jarraian Gipuzkoa (% 17) eta Bizkaia (% 11).
Estatuko bisitariei dagokionez, batez beste % 11 igo ziren martxoan; % 18 Araban eta Gipuzkoa eta % 4 Bizkaian.
EAEra etorritako turistek 289.054 ostatu-gau egin zituzten, 2009ko martxoan baino 25.000 gehiago. % 21 gora egin zuten Araban, % 16 Gipuzkoan eta % 2 Bizkaian. Iazko 1,84 egunetik 1,79 egunetara murriztu zen batez besteko egonaldia martxoan.
Bizkaiko nekazal etxeak bisitatuenak dira
Nekazal etxeetako datuei dagokionez, 9.827 bidaiari izan zituzten martxoan, iazko hile berean baino % 15 gehiago. Bizkaiko nekazal turismoek % 21 bisitari gehiago hartu zituzten, % 17 Gipuzkoakoek eta % 4 Arabakoek.
Estatuko turistak batez beste % 18 gora egin zuten bitartean, bisitari atzerritarrak batez beste % 24 behera egin zuten.
Guztira 21.721 ostatu-gau zenbatu ziren EAEko nekazal etxeetan, iaz baino % 5 gehiago.
Bidaiariek batez beste 2,21 egunetako egonaldiak egin zituzten, iaz 2,41 egunetakoak ziren.