Gizartea -

Behi haragiaren sektorea

'Basque Label Harategiak', euskal behi okelaren marka berria jaio da

Laster abian izango den marka berriak modernitatea eskaini nahi du eta euskal kontsumitzaileentzat erakargarri izan nahi du.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Marka berria jaioko da aurki, sektoreari bultzada emateko

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laster abian izango den "Basque Label Harategiak" marka berriak kalitatezko bertako behi haragia saltzen duten harategiak identifikatuko ditu. Aipaturikoa, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta nekazaritza sindikatuek bertako behi okelaren ekoizpena eta merkaturatzea bultzatzeko adostu duten neurrietako bat baino ez da. Halaber, "Euskal Okela" zigiluak kontrol genetikoan oinarritutako identifikazio sistema batera eboluzionatuko du.

"Euskadiko haragitako behien ekoizpena eta merkaturatzea sustatzeko estrategia" aurkeztu dute gaur Gasteizen Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak, hiru Foru Aldundietako Nekazaritzako diputatuek eta sektoreko ENBA, EHNE, UAGA, Harakai-Urkaiko eta Gitxegi ordezkariek.

Programa horrek hainbat lan ildo zehazten ditu. Esaterako, diru-laguntzen bitarteaz bertako ekoizpena babestuko dute. Gainera, hiltegiei buruzko Mahaia ere osatuko dute, instalazio horien funtzionamendua lurralde bakoitzak dituen premietara egokituz.

Bestalde, haragia ziurtatzeko sistemak hobetuko dira, prozesua erraztuz eta sinplifikatuz. Horren bidez, ganadua jaiotzen den unetik hil arte izandako ibilbidea egiaztatu ahal izango da.

Gaur aurkeztutako estrategia horren baitan "Basque Label Harategiak" marka jaioko da laster, bertako behi haragia salduko duena eta modernoa eta erakargarria izan nahi duena.

Proiektuarekin bat egiten duten harategiek bertan hazitako haragiarekiko konpromisoa hartuko dute eta Euskadin hazitako eta hildako haragia salduko dute.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Albisteak