Gizartea -
Bonbardaketak 73 urte
Gernikako bonbardaketaren biktimak gogorarazi ditu herriak
Nagasakiko Urakami katedraleko 'Maria Bonbardatua' Ama Birjinaren irudi bat ikusgai jarri dute Gernikako Bake Museoan.
Erredakzioa
Gernikako bonbardaketatik onik atera zirenek, biktimen senideek eta agintari politikoek hildakoak gogorarazi dituzte gaur lore eskaintza baten bidez. Tragedia gertatu zela 73 urte bete dira gaur.
Gernikako Zallo hilerrian egindako ekitaldian Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea izan dira, besteak beste. Ekitaldian bakea aipatu dute behin eta berriro.
Bestalde, Nagasakiko (Japonia) Urakami katedraleko ''Maria Bonbardatua'' Ama Birjinaren irudi bat erakutsi dute gaur Gernikako Bake Museoan. Mitsuaki Takami hiri horretako gotzainak ekarri du irudia.
Espainiako Gerra Zibilean zehar, 1937ko apirilaren 26an ''Condor Legio''ko hegazkinek Gernika bonbardatu zutela 73 urte bete dira gaur. Bonbardaketa oroitzeko ekitaldien artean dago Japoniako Ama Birjinaren erakustaldia.
Udaleko iturriek azaldu dutenez, 1945ean, II. Mundu Gerran zehar, Nagasakiren gainean bonba atomikoa bota zutenean Ama Birjinaren irudia kaltetu zuten. Gernikako Ama Birjinaren irudi baten alboan dago ikusgai, izan ere, herriak duela 73 urte jasan zuen bonbardaketatik onik atera zen.
Mitsuaki Takami Nagasakiko gotzainak ''Maria Bonbardatua'' irudia aurkeztu du Gernikako Bake Museoan egindako ekitaldian. Bonbardaketatik bizirik atera zirenak bertan izan dira, eta baita Jose Maria Gorroño alkatea ere.
Gernikako bonbardaketa gogorarazteko ekitaldiek arratsaldean jarraitu dute lore eskaintza eta hildakoen oroimenez egindako errespontsu batekin.
Gauean manifestazio isila egin dute, kandelak eskuan.
Bakearen sariak
Gernikako bonbardaketa oroitzeko ekitaldiak atzo hasi ziren, Bakearen eta Adiskidetzearen Sariak banatuta.
Aurten, Jose Antonio Aguirre lehendakaria eta Mayors of Peace (Bakearen aldeko Alkateak) nazioarteko elkartea saritu dituzte.
Jose Maria Gorroño Gernikako alkateak azaldu duenez, Aguirrek "erbestean demokraziaren eta herrien askatasunaren alde egin zuen lana" aintzatetsi nahi izan dute, haren heriotzaren 50. urteurrena betetzen den honetan.
Halaber, Mayors of Peace erakundea "arma nuklearrak abolitzeko xedez nazioarteko programa sustatzeagatik, gosearen eta pobreziaren aurka egindako lanagatik eta ingurumenaren eta errefuxiatuen arazoak ere hizpide hartzeagatik" saritu dute.
Vicente Ferrer Fundazioa ere aintzatetsi dute, 40 urtez Indiako behartsuenen alde egindako lanagatik.