Gizartea -
Abortuaren Legea
Ginekologo nafar batzuek ukatu egin dute "guztiak" direla objektore
Hamaika medikuk gutuna bidali dute Lege berria ez ezartzeko "arrazoirik ez" dagoela salatzeko, eta 1986 eta 1987 artean Foru Erkidegoan hainbat abortu egin zirela gogorarazi dute.
Erredakzioa
Nafarroako hamaika ginekologok salatu dute ez dagoela arrazoirik Abortuaren Lege berria Foru Erkidegoan ez ezartzeko, "ez baita egia" mediku guztiak abortuaren objektore direla eta abortuak egitea errefusatzen dutela. Hori dela eta, "borondate politikoa" eskatu dute.
Hala adierazi dute aipatu hamaika ginekologoek Diario de Navarra-n eta Diario de Noticias-en argitaratu duten gutunean. Era berean, gogorarazi dute 1986 eta 1987 artean hamar abortu egin zituztela Nafarroan, baina ez zituztela gehiago egin profesionalek jasotako "jazarpenagatik" eta "segurtasun juridiko gabeziagatik".
Ordutik, Nafarroako Gobernuak sare publikoan aborturik ez egiteko erabili duen arrazoia ginekologo guztiak kontzientzia-eragozleak direla esatea izan da.
Horren harira, hamaika ginekologoek diote "Nafarroako gizartean gauza asko aldatu direla azken 25 urteetan" eta "objetoreak badaudela" onartu ondoren, "belaunaldi aldaketa handi bat" ematen ari dela azpimarratu dute.
Haien esanetan, Kontzientzia Eragozpena "norberaren erabakia da beti", beraz, "ez dago arrazoirik" Nafarroako sare publikoan debekatzeko, "sentsibilitate guztiak errespetatuz, baina emakumeen eskubideen arreta galdu gabe".
Hamaika ginekologoen ustez "politikarien esku dago orain erabakia" eta "borondate politikoa" behar da, egoera "behingoz normaltzeko eta eskubide hori eskuratzeko".