Gizartea -
Europa
Europar bitik batek obesitatea edo gehiegizko pisua izango du 2030ean
Obesitatea Ikertzeko Europako Elkarteak obesitatea gaixotasun gisa onartzea eta "premiazko neurriak" hartzea eskatu du.
agentziak | erredakzioa
Obesitateak eta gehiegizko pisuak "eragin suntsitzailea izango dute osasunaren kostuetan eta produktibitatean, lehenbailehen premiazko neurriak hartzen ez badira, Obesitatea Ikertzeko Europako Elkarteak txosten batean jakitera eman duenez.
2030ean, europarren erdiek baino gehiagok obesitatea izango dute, eta zenbait herritan maila hori % 90era helduko da.
Obesitateak gaur egun Europar Batasunean eragiten dituen produktibitate galerei aurre egiteko eta gaixoak artatzeko 70.000 milioi euro bideratu dituzte EBko kideek.
Hori dela eta, obesitatea gaixotasun gisa onartzea eta "premiazko neurriak" hartzea eskatu du elkarte horrek.
Maiatzaren 21ean Obesitatearen kontrako Europako Eguna ospatuko da.
Loditasuna gaixotasun konplexua eta kronikoa da, eta horren eragileen artean, besteak beste, baldintza genetiko edo endokrinoak eta ingurumen-faktoreak (estresa, dieta eta lan-baldintzak) daude, Herman Toplak Obesitatea Ikertzeko Europako Elkarteko presidenteak azaldu duenez.
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera ere, obesitatea XXI. mendeko osasun arazo larrienetariko bat da, eta horrela ohartarazi egin du azken boladan.