Itxi

2016/05/20

13:21

Gizartea

Teknologia

Sotapatroi, itsasoan segurtasuna hobetzeko gailua, asmatu dute Bermeon

Maider Beistegi | EITB.EUS

iBeacon eta Arduino teknologietan oinarrituta, aisialdirako itsasontzietan segurtasuna hobetzen duen sistema da, patroia uretara jausiz gero ontzia geldiarazita.

1:30
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Itsasoratu aurretik segurtasunari erreparatu behar dio patroiak, istripuz uretara jausi eta hilotz gelditzen diren lagunen kopurua handia baita oso. Itsasontzitik behera erorita, uretan denbora asko emateagatik hipotermiak jota edo laguntza deia ez bidaltzeagatik izaten dira heriotza gehienak.

Arriskuak ez dio erreparatzen itsasontziaren tamainari, eta, horrenbestez, ontzia handia edo txikia izan, uretara jausiz gero, segurtasun gailuak prest egon behar du. Aisialdirako ontziei dagokienez, gainera, sarri tripulatzaile bakarra duten ontziak izanik, arriskua areagotu egiten da. Patroia uretara jausiz gero, erreskate lanetan emandako denbora ahalik eta laburrena izatea komeni da.

Itsasoaren arrisku horiek ondo baino hobeto ezagutzen dituzte 'Sotapatroi' gailuaren asmatzaileek: Markel Fernandezek, Igor Etxaburuk, Eneko Ruizek, Mikel Basterretxeak eta Iban Bilbaok. Bost gazte bermeotar horiek aisialdirako itsasontzietan segurtasuna hobetzeko sistema bat asmatu dute eta egunotan aurkeztuko dute. "Haririk gabeko eskumuturreko bat da, patroiak jantzi behar duena, eta ontzian jarri behar den beste gailu batera konektatuta dagoena. Patroia uretara eroriz gero, itsasontziko gailuak ez du eskumuturrekoaren seinalerik jasoko eta itsasontzia berehala geldituko da", azaldu du Iban Bilbaok.

"Gaur egungo gailuak oso astunak dira, ez dira batere praktikoak, garestiak dira eta iraupen laburra dute gainera. Guk garatutako gailuak ez du pisurik, apenas kontsumitzen du, energia baxuko Bluetooth sistemari esker urtebete egon daiteke lanean, gelditu barik, eta pila bakar bat erabilita", zehaztu du Bilbaok.

Hainbat proba egin dituzte, eta pozik daude emaitzarekin: "Itsasontzia 25 bat metrora gelditzen da, eta minutu gutxian berriro ontzira iritsi daiteke igerian, patroiaren gaitasunen eta itsasoaren egoeraren arabera denbora gehiago edo gutxiago izan badaiteke ere", esan du Bilbaok.

sotapatroi

(Asteburuan aurkeztuko dute egitasmoa Bermeon, Arrain Azokan)

Arduino eta iBeacon teknologi askeetan oinarrituta, ontziko VHF irratira konektatuta dago gailua. Horregatik, ontzia geldiaraztearekin batera, uretara eroritako patroia ontzira denbora jakin batean bueltatu ezean, sistemak larrialdi abisua bidaltzen du Itsas Salbamendura eta inguruko ontzi guztietara.

Urtebete eman dute bost lagunek proiektua garatzen eta asteburu honetan bertan aurkeztuko dute Bermeoko Arrain Azokan, itsasoarekin lotutako tailerrei eta ekimenei begira aurten propio jarri duten 'Lehena, Oraina, Geroa' izeneko gunean.

sotapatroi

sotapatroi

(Iban Bilbao, segurtasun sistemaren probak egiten)

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;