Gizartea -
BARTZELONA
Lagun bat atxilotu dute Gracia auzoan izandako istiluetan
Horrez gain, sei lagun zauritu dira, bart. Hirugarren egunez jarraian, ehunka lagun atera dira kalera 'Banc Expropiat'en desjabetzea salatzeko. Bizilagun elkarteen bitartekaritza proposatu du Colauk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pertsona bat atxilotu dute eta sei lagun zauritu dira bart Bartzelonako Gracia auzoan izandako istiluetan. Zaurituetako bi Esquadra Mossoetako agenteak dira. Hainbat kazetari ere zauritu dira, mossoek borraz jo baitituzte.
Hirugarren egunez jarraian, ehunka lagun atera dira kalera auzo horretan, okupatutako bankuaren hutsaraztea salatzeko.
Aurreko egunotan bezala, Revolucio plazan deituta zegoen bilkuraren ondotik hasi dira liskarrak. Esquadra Mossoek hainbatetan kargatu dute manifestarien aurka, auzoko toki ezberdinetan. Soinu-kanoi bat ere erabili dute, manifestariak sakabanatzeko. 00:00etarako, gutxi gorabehera, egoera bere onera etorri da.
Poliziaren arabera, manifestariek kalte handiak eragin dituzte: besteak beste, edukiontziak erre dituzte eta hiri-altzariekin barrikadak egin dituzte.
Auzoko taberna eta jatetxe gehienak zabalik egon dira, tarteka bakarren batek ateak itxi behar izan dituen arren, liskarrengatik.
Bizilagunek gogor kritikatu dute Esquadra Mossoen jarrera; hainbatek oihuka hartu ditu agenteak, eta etxebizitzetako balkoietatik ura, botilak eta harriak jaurti dizkiete. Lapikoekin zarata ere atera dute, manifestariei babesa adierazteko.
Graciako bizilagun elkarteen bitartekaritza proposatu du Colauk
Ada Colau Bartzelonako alkateak Graziako bizilagunen elkarteei proposatu die bitartekari lanak egiteko gatazkan.
Colauk Catalunya Radion egindako elkarrizketa batean aitortu du administrazioak porrot egin duela okupentzat irtenbidea bilatzeko egindako lanean.
"Kolektibo horiek gonbidatzen ari naiz bizilagunekin hitz egin dezaten, jarduerak auzoan egiten jarraitu nahi badute ere, ez baitute administrazioarekin hitz egin nahi", gaineratu du.
Jarduerek aurrera jarraitzea ahalbidetuko lukeen formulak bilatzeko deia egin du Colauk, baina ohartarazi du "inola ere ez" dela onartzen "Graziako herritarrei kalte egiten dieten indarkeriarekin nahastea".
Esquadra Mossoen erantzunari dagokionez, "guztiontzat porrota izan arren", poliziak esku hartu beharra duela iritzi dio, "herritarrek ez dutelako inolako errurik eta istiluak galarazi behar direlako".