Itxi

2016/05/29

18:00

Gizartea

Teo Arkitektura

Umeek diseinatutako hiriak

Maider Beistegi | EITB.EUS

Hirigintzan eta espazio publikoen antolaketan umeen begirada integratzeko lanean ari da arkitekto talde bat Euskal Herrian, hiriak sortzeko prozesuan haurrek hartzaile izateari utz diezaioten.

  • Teo Arkitekturak eskainitako tailerretako bat

    Teo Arkitekturak eskainitako tailerretako bat

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Haurrak arkitekto. Umeek berezko duten sortzeko, eraikitzeko eta irudikatzeko gaitasunari erreparatu eta aintzat hartu. Asmo horri helduta, alegia, haurrak eta arkitektura eskutik helduta, ari da lanean arkitekto talde handi bat Euskal Herrian.

Arkitekturak eta hirietako espazioak antolatzeko erak besteekin ditugun eguneroko harremanak baldintzatzen ditu; elkarbizitza hobetzen lagundu edo gizarte-bazterketa sor dezakete. Herritarrak ahalduntzen dituen hirigintza parte-hartzailea aspalditik ari da kontuan hartzen hirien diseinuetan eta araudietan. Halere, oraindik orain, hirigintza proiektu handiek baldintzatuta, prozesu parte-hartzaileetatik sortutako ideiak ez dira sarri aintzat hartzen arkitektura lanen amaieran. Espazioak umeei bideratutakoak direnean, gainera, apenas hartzen da kontuan haurren ikuspegia. Josefina Rodriguez idazle eta pedagogoak 1960ean El arte del niño liburuan idatzi zuen bezala, "Umea artista gisa eskuen artean obra dardaratia duela helduen estetikaren munduan bat-batean sartu den pertsonaia berri bat" da.

Francesco Tonuccik Haurren Hiria proiektua abiatu zuen Fano (Italia) jaioterrian, eta ordutik mundu osoko hamaika herrik egin dute bat proiektu horrekin. Herri edo hirietako espazioaren antolaketa haurren parametrotik egitea da Tonucciren Haurren Hiria proiektuaren muina. Haurren neurrira egindako hiriak herritar ororentzat egokiak diren guneak direlako.

Filosofia horri jarraituta sortu da Txikiark (Teo Arkitektura, Ttipi Studio, Detalleres, Kraftkovia, PH+, Gizaarte, Bear, Arkitente?), hezkuntzaren ikuspuntutik haurrek berezko duten sortzeko eta eraikitzeko gaitasuna aintzat hartzeko.

teo arquitectura

Hezkuntza eta arkitektura uztartuta, haurren begiak gehitu nahi dituzte espazioen eraikuntzan, parte-hartze prozesuen, tailerren, ikastaroen eta esku-hartze artistikoen bidez.

Anartz Ormaza, David Tijero eta Maite Eizagirre arkitektoek sortu zuten Teo Arkitektura Bilbon. "Haurrak arkitekto izateko tailerrak?, galdetzen digute askotan. Baina, ez da hori asmoa. Irakaskuntza emankorra proposatzen dugu; haurrak ahaldundu nahi ditugu, euren inguruan parte hartzeko eta zenbait gauza aldatzeko ahalmena dutela ikus dezaten", azaldu du Anartz Omarzak.

"Sei urte bete arte, haurren hezkuntza askea da: marrazten, eraikitzen, sortzen?ikasten dute. Baina adin horretatik aurrera lehentasunak aldatzen dira, eta marrazketa bigarren maila batean gelditzen da. Gure eskaintza 6 eta 12 urte bitarteko haurrei bideratuta dago", zehaztu du. Izan ere, Ormazaren iritziz, haurrak "etorkizuna" bezala hartzen ditugu, "baina oraina dira. Haientzako diseinatzen dugu, haiek kontuan hartu gabe, eta ez gara jabetzen umeek badakitela zer nahi duten".

teo arquitectura

Teo Arkitekturak eskaintzen dituen tailerren helburua umeei erabakitzeko ahalmena ematea da. Izan ere, haurrek herrirako proposamenak egiten dituztenean ez dute beraiengan soilik pentsatzen, komunitate osoarengan baizik. "Agintea hartzeko eta erabakitzeko tresnak ematen dizkiegu. Eta, eurengandik inozentzia, askatasuna eta mugarik eza jasotzen dugu", gehitu du David Tijerok.

Finlandian, Alemanian, Errumanian, Kolonbian eta Brasilen hezkuntza espaziala lantzen ari dira dagoeneko. ?Eztabaida ez da arkitektura hezkuntza sisteman irakatsi beharko litzatekeen edo ez. Arkitekturarekin eta haurrekin lan egiten dugun gehienok osagarri moduan egiten dugu, araututako hezkuntza sistematik at. Finlandian eta Errumanian, berbarako, arkitektura hezkuntza sistemaren barruan dago. Beste leku batzuetan, egitasmo interesgarriak egiten ari dira. Galizian, adibidez, Terra proiektua jarri dute martxan, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako haurrei bideratuta?, Ormazak nabarmendu duenez.

teo arquitectura

Ikuspegi honen arabera, arkitekturako elementuak eta diseinuak ez dira espazioaren adierazpen hutsak; horrez gain, adierazpiderako espazioak dira, eta, alde horretatik, inplikazio pedagogiko garrantzitsuak dituen sinbolismoa dute, eta hori helarazten dute. "Arkitekturak gauza asko barneratzen ditu: gure etxearen banaketa, gure kalearen antolaketa, hiritik nola mugitzen garen?Inguratzen gaituen espazioak guk uste duguna baino gehiago baldintzatzen gaitu. Arkitekturaren eragina haratago doa, herritar guztioi eragiten digu", esan du Tijerok.

Bilbo eta haurrak

Haurrak kontuan hartuta eraikitako hiria al da Bilbo? ?Lan handia dugu egiteko. Aisialdirako gune gehiago ditu orain, bai, baina haurrek mugatuta dituzte beraientzako espazioak. Segurtasunaren aitzakiarekin, korrale batean uzteko joera dugu ?Bilbon eta beste toki askotan gertatzen da-, baina, hortik atera nahi dutenean, ezin dira autonomoak izan, hiria ez baitago prestatuta haurra bere kabuz mugitzeko?.

Haurrek espazio publikoan euren lekua aldarrikatzeko eta euren autonomia indartzeko Txikimaps ekimena jarri dute martxan Txikiarkeko taldeek, Bizkaiko Caritasekin elkarlanean. Teo Arkitekturak Otxarkoagan egin du lan, 4 eta 14 urte bitarteko haurrekin. Jolasa izan da aurtengo ekimenaren gaia. "Jolasteko kultura asko aldatu da. Horregatik, euren gurasoen garaietara bidaiatzea nahi dugu, euren erreferentziazko pertsonak nola jolasten ziren ikusteko", gaineratu du Tijerok.

teo arquitectura

UEU

UEU Udako Euskal Unibertsitateak ere arkitekturak haurren eta gazteen garapenean duen eragina aztertuko du datorren uztailean. "Hazi, eraiki, hezi: arkitektura eta hezkuntza espaziala, haur eta gazteen garapenean" izenburupean, bi eguneko jardunaldiak antolatu dituzte, uztailaren 13an eta 14an, Eibarren.

Arkitektura eta hezkuntza landuko dute lehen egunean, eta Txikiark eta Arkitente (Kraftkovia, Ari Arkitektura eta Teo Arkitektura) ekimenak aurkeztuko dituzte. Gorka Egiak, berriz, hezkuntza sisteman martxan jarri dituzten zenbait ekimen aitzindari aipatuko ditu.

Euskal Herriko hainbat herritan haur eta gazteekin egiten ari diren parte-hartze prozesuak hartuko dituzte hizpide bigarren egunean. Ttipi Studio (Elkartoki egitasmoa), Urak Bide Taldeak eta PH+ Herritarren Hirigintza taldeek Getxon eta Durangon indarrean jarri dituzten ekimenak azalduko dituzte.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;