Gizartea -
Almerian
Zigorra, alabei tratu txarrak eman eta horien premiak ez betetzearren
8 urtean biktimengana hurbiltzea debekatzeaz gain, 6 urterako guraso ahala kendu diote.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Almeriako Zigor arloko 2. zenbakiko epaitegiak gizonezko bat zigortu du haren alabei tratu txar fisikoak zein psikologikoak ematea leporatuta. Zehatz-mehatz esanda, familia barruko indarkeria eta tratu txar delituak egotzi dizkiote. Epaiaren arabera, haurrak ikasten ari zirenean liburuak lurrera botatzen zizkien eta ikasteak ez ziela ezertarako balioko esaten zien.
Bi aldeak ados jarri dira eta epaia irmoa da. Epaileak haren epaian azaldu duenez, gizonak jarrera despota eta autoritarioa zuen alabekin eta ez zien arroparik eta jostailurik ematen. Hori dela eta, haurren amak ongintzako erakundeetara jo behar izaten zuen horien eskubideak bermatzeko.
Epaiaren arabera, aitak jan gabe ere uzten zituen eta etxetik ateratzeko debekua ere ezartzen zien. Halaber, gerrikoarekin gorputz osoan kolpeak ematen zizkien eta iletik tira egiten zien.
8 urtean biktimengana hurbiltzea debekatzeaz gain, 6 urterako guraso ahala kendu diote. Halaber, epaileak urtebeteko kartzela zigorra eta 55 egunetan komunitatearen alde lan egiteko zigorra ezarri dio. Dena den, kartzela zigorra kendu egingo diote baldin eta hiru urteko epean deliturik egiten ez badu, adingabeei 2.120 euroko kalte ordaina ematen badie eta berdintasunari buruzko programa batzuetan parte hartzen badu.