Gizartea -
Athletic, txapeldun!
Athleticek gabarra ateratzea eskatu dute herritarrek eta alderdiek
Emakumezkoen taldearen garaipena gizonezkoen antzera ospatu behar dela uste dute.
EITB.EUS
Bilboko herritarrek, erakundeek eta alderdi politikoek gabarra ateratzea eskatu diote Athletic Clubi, emakumeen taldeak irabazitako Liga txapelketa ospatzeko. Klubak inplizituki emandako ezezkoaren aurrean, gabarraren eta emakume txapeldunen aldeko ahotsak gero eta gehiago dira.
Hori horrela, kolore gehienetako alderdiak, Bilboko alkatea, Emakunde eta Espainiako Kiroletako Kontseilu Nagusia (CSD) gabarraren alde agertu dira.
Ontzi hori ikur bihurtu zen Athleticen gizonezkoen taldeak 1983ko eta 1984ko Liga eta Kopa txapelketak irabazi zituenean. Ospakizun jendetsuak izan ziren, milioi bat pertsona batu baitziren itsasadarraren ertzetan. Emakumeen taldearekin, baina, ez dute gabarra atera inoiz, Liga aurten bosgarrenez irabazi badute ere.
"Ez ditut ezagutzen zehaztasunak, baina gai garrantzitsua dela uste dut. Sakon aztertuko dut, baina oro har uste dut merituak eta ospakizunak berdinak izan behar direla gizonezkoen zein emakumezkoen garaipenen aurrean", adierazi du CSDko presidenteak, Miguel Cardenal bilbotarrak.
Klubak hainbat ospakizun iragarri ditu astearte honetarako, tartean udaletxera eta Aldundiaren egoitzara bisita egitea, baina gabarra ateratzea ez dago horien artean.
Horren ildotik, Juan Mari Aburto alkateak esan du emakumezkoen taldeak gizonen "ohore berdinak" merezi dituela, eta horregatik harrera egingo diola, udan Ernesto Valverderen mutilekin egin bezala.
EH Bilduk, PSEk, Udalberrik eta Ganemosek ere gabarra ateratzea eskatu dute.
"Ez dut ulertzen zergatik sortzen den galdera hau. Ez dut ulertzen. Gizonek irabazten dutenenean ez da galdera sortzen. Zergatik emakumeen kasuan, lehen mailako taldea izanda?", galdetu du, bere partez, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.
Herritarrei dagokienez, sinadurak biltzen ari dira change.org plataforman, emakumeek gabarran ospa dezaten garaipena. Astelehen honetako 20:00etan, dagoeneko 27.000 sinadura baino gehiago bilduta zuten.
Gabarraren sinbologia kontuan hartuta, eskari hau egin zuen Txema Olletak bertan: "Emakumeen eskubideak eta erabateko berdintasuna defendatu nahi badute benetan, aurten, edo beste edozein urtetan, Athleticeko neskek Liga irabazten badute, gabarra ateratzea exijitzen diogu klubari".
"Borrokalari hauen adorea ez da gizonezkoena baino txikiagoa, nahiz eta askoz ere gutxiago kobratu. Eman diezaiogun balioa emakumeen kirolari. Eska dezagun gure sinadurekin Athleticeko neskak gabarran ateratzea. Merezi dute!", idatzi zuen Josu Urrutia Athletic Clubeko presidenteari zuzendutako eskaeran.
Ospakizunak, asteartean
Athleticek, oraingoz, adierazpenik egin gabarraren inguruan. Talde zuri-gorriak honako ospakizun hauek antolatu dira ekainaren 7an, asteartean:- 18:00etan Garaikurraren eskaintza Begoñako Basilikan.
- 18:30ean Bilboko Udaletxean harrera.
- 19:30ean Foru Jauregian harrera.