Gizartea -
2015eko datuak
Indarkeria matxista kasuek behera egin dute EAEn
Hala ere, 545 emakume babes neurripean bizi ziren 2015ean EAEn, indarkeria matxistagatik. Nafarroan, iaz, hazi egin zen indarkeria matxista kasuen kopurua.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko 545 emakumek, 2015ean, babes neurriak zituzten ezarrita, indarkeria matxista dela eta. Estatu espainiarreko datuekin alderatuta, egoera horretan dauden emakume kopuru baxuena duen erkidegoa da Euskal Autonomia Erkidegoa.
Estatistika Institutu Nazionalak (INE) gaur zabaldutako datuen arabera, 2001etik behera egin du genero indarkeria pairatu duten emakumeen kopuruak.
INEren txostenak jasotzen duenez, 2001ean 662 emakumek izan zituzten babes neurriak, indarkeria matxistagatik, 2015ean baino % 17,7 gehiago.
Nafarroan, aldiz, hazi egin zen kopurua: 347 kasutan hartu zuten epaileek neurriren bat, aurreko urtean baino % 8,8 kasu gehiago.
Emakume gazteenetan, hau da, 14 eta 18 urte bitartekoetan, eta 50 eta 54 urte bitartekoetan hazi dira gehien indarkeria kasuak.
Etxeko indarkeria kasuak ere aztertu ditu Estatistika Institutuak. 2015ean, EAEn, indarkeria mota hori 302 lagunek pairatu zuten, 2014an baino % 2,3 gutxiago: horietatik, 172 emakumezkoak izan ziren eta 130 gizonezkoak.
637 adingabe, babespean
Bestalde, haurren inguruko datuak ere zabaldu ditu INEk. 637 adingabe bizi dira babes neurripean, Estatu espainiarren, indarkeria matxistaren biktima izateagatik. Kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan; 2014tik % 10,6 hazi da zaintzapean bizi diren adin txikikoen kopurua.
__________________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.