Gizartea -
20-55 urtekoak
Zazpi gizon atxilotuta Nafarroan, genero-indarkeria delituengatik
Atxiloketak Corellan, Tuteran, Murillo el Fruton, Milagron, Iruñean eta Tiebasen izan dira, azken egunotan.
agentziak | erredakzioa
Foruzaingoak zazpi gizonezko atxilotu egin ditu genero indarkeriarekin lotuta dauden delituak egotzita, Corellan, Tuteran, Murillo el Fruton, Milagron, Iruñan eta Tiebasen.
Lehen atxiloketa aurreko ostegunean izan zen, Corellako Udaltzaingoak Foruzaingoaren esku utzi zuen bertoko 23 urteko bizilagun bat, bikotekide ohiarengandik indarrean zuen urruntzeko agindua urratzeagatik.
Gazteak biktimaren atea jo zuen, mehatxu eginez, eta, hori dela eta, Tuterako polizia-etxeko foruzainak bertaratu ziren eta erasotzailea atzeman zuten.
Bestalde, igandean beste gizonezko bat atxilotu zuten Tuteran ere bai, 32 urtekoa, arrazoi beragatik, alegia, urruntzeko agindua urratzeagatik. Tuterako Emakumearen gaineko Indarkeriaren arloko Auzitegiak hartu ditu bere gain bi kasuok.
Gainerakoei dagokienez, astelehenean, Tafallako agenteek Murillo el Frutoko 20 urteko gazte bat atxilotu zuten, bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita.
Agenteek biktimaren etxebizitzara jo zuten, oihu ozenak entzuten zirela jakin eta gero, eta baieztatu ahal izan zuten biktimak zauri bat zuela sudurrean. Hori dela eta, ustezko erasotzailea Iruñera eraman zuten, izapideak abiarazi zituzten eta, ondoren, Tafallako Emakumearen gaineko Indarkeriaren arloko Auzitegira igorri.
Egun berean, Foruzaingoak Milagroko 40 urteko gizon bat atxilotu zuten, ustez bere alabari -adingabea- tratu txarrak emateagatik.
Asteartean, foruzainek 55 urteko iruindar bat atxilotu egin zuten, bikotekide ohiari tratu txarrak eman dizkiolakoan, eta Iruñeko Emakumearen gaineko Indarkeriaren arloko Auzitegiak hartu du bere gain.
Egun horretan, arratsaldean, Tuterako Epaitegiko Poliziako agenteek 47 urteko gizonezko bat inputatu egin zuten tratu txarren delitu batengatik, eta emazte ohiak jarritako salaketaren ondoko atestatua zabaldu zuten.
Era berean, hiritarren segurtasunerako agenteek Tiebasera jo zuten atzo, gizon bat atxilotzeko delitu bera egotzita.