Gizartea -
San Pedro
Auryn, Los Inhumanos eta Vendetta Sestaoko jaietan egongo dira
Aurretik aipatutako taldeez gain, Los Diablos eta The Ladies Band taldeak ere oholtza gainera igoko dira. Jaiak ekainaren 23an hasi eta uztailaren 3an bukatuko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Sestaoko Udalak (Bizkaia) ostegun honetan, hilak 9, aurkeztu du aurtengo San Pedro jaien programa. Halaber, ekainaren 23an hasi eta uztailaren 3ra arte luzatuko dira festak. Kontzertu aipagarrienak Auryn, Los Inhumanos eta Vendetta taldeenak izango dira.
Era berean, Joaquin Sabina eta Rafaella Carraren abesti gogoangarrienak entzuteko aukera egongo da bi tributu taldeei esker.
Los Diablos eta The Ladies Band taldeak ere oholtza gainera igoko dira. Aurretik aipatutako taldeez gain, bilbainadak eta mariachiak entzuteko aukera izango dute bertaratutakoek. Azkenik, bi berbenek eta bertako rock talde batek osatzen dute egitarau musikala.
Aurtengo jaiek egun bat gehiago izango dute, San Joan gaua ostirala delako, eta, tradizioari jarraiki, festak aurreko egunean hasten direlako. Aurrekontuari dagokionez, 210.000 eurokoa izan da.