Gizartea -

Polizia operazioa

Sexu esplotazioagatik Iruñean atxilotu dutenetako bat udaltzaina da

Antza denez, atxilotutako Iruñeko udaltzainak polizia operazioa oztopatu zuen eta emakumeak gertutik kontrolatzen zituen. Udaltzaina baldintzapeko askatasunean dago.

Espainiako, Frantziako eta Paraguaiko poliziek elkarlanean jardun dute. Argazkia: EiTB
Espainiako, Frantziako eta Paraguaiko poliziek elkarlanean jardun dute. Argazkia: EiTB
Iruñeko udaltzain bat, prostituzio sare batean

1:26

EITB.EUS | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakumeen sexu esplotazioan aritzen zen nazioarteko erakunde batekin lotuta Nafarroan atxilotu dituen bederatzi lagunetako bat Iruñeko udaltzaina da. Une honetan baldintzapeko askatasunean dago.

Antza denez, atxilotutako Iruñeko udaltzain horrek polizia operazioa oztopatzeaz gain, sareko emakumeak kontrolatzen zituen.

Polizia operazioa Paraguain, Frantzian eta Iruñean aldi berean egin zuten. Desegin duten taldeak Paraguaiko familia batean zuen oinarria eta Paraguaitik emakumeak Nantesera eta Iruñera eramaten zituzten lana lortuko ziela esanda.

Guztira 14 pertsona atxilotu dituzte (horietako bi dagoeneko espetxean daude) eta zazpi emakume askatu Iruñean eta Nantesen (Frantzia).

Erakundeko zenbait kidek Ciudad del Este (Paraguai) herrian emakumeak bereganatzen zituzten Espainian masajista, etxeko langile edota supermerkatuko langile gisa lan egingo zutela promestuz. Lekualdatzeak eta dokumentuek zekartzaten gastu guztiak erakundeak ordaintzen zituen, baina emakumeek "euren lanetik ateratako diruarekin zor handi bati aurre egiteko" konpromisoa hartzen zuten.

Europan sartuko zirela ziurtatzeko, Polizaren aurrean nola jokatu behar zuten irakasten zieten turista gisa pasatzeko. Paraguaiko Asuncion hiritik Brasilgo Sao Paulora hegaz egiten zuten eta handik Parisera. Behin Schengen eremuan, Madrilera edota Nantesera eramaten zituzten.

Espainian edo Frantzian zeudela pisu eta lokal jakin batzuetara eramaten zituzten euren benetako eginbeharra zein zen esateko eta zenbateko zorra zeukaten (3.000 euro ingurukoa). Horrez gain, nola jantzi eta bezeroekin nola jokatu behar zuten esaten zieten, besteak beste. Poliziak dio uneoro kontrolatzen zituztela eta pertsona bat zutela euren gainean etengabe.

Iruñeko alkateak zuhurtzia eskatu du

Joseba Asiron Iruñeko alkateak "zuhurtzia" eskatu du eta azpimarratu du Iruñean ziharduen nazioarteko talde hori desegin izana dela "albisterik onena".

Iruñeko udaltzain batek desegindako sarean izan zezakeen parte-hartzeaz galdetuta, Asironek aitortu du baduela haren atxiloketaren berri, baina zuhurtzia eskatu du. Asironen esanetan, Iruñeko Udalak Poliziarekin eta Justiziarekin kolaboratuko du kontua argitu dadin eta errudunak epaituak izan daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa gaur Gizartea bideoak Eguneko albisteak