Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, emaztea jipoitzea egotzita

Senarrak alaba adingabeen aurrean jipoitu omen du emaztea, Arriaga-Lakua auzoan, senar-emazteen familia-etxean.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 30 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur Arabako hiriburuan bertan, emaztea jipoitzea egotzita. Alaba adingabeen aurrean jipoitu omen du, gainera, Arriaga-Lakua auzoan, senar-emazteen familia-etxean, Udaltzaingoak jakitera eman duenez.

Atzo, 17:00ak aldera, emakume bat eta haren bi alabak etxeko eskailera-buruan laguntza eske zeudela ohartarazteko, herritar baten deia jaso zuen Udaltzaingoak. Antza, senarrak jipoitu zuelako ari zen emakumea laguntza eske.

Patruila batzuk etxera joan ziren berehala, eta emakumearekin eta deia egin zuen auzotarrarekin hitz egin zuten.

Emakumeak udaltzainei azaldu zienez, eztabaida batekin hasi zen dena, eta senarrak lurrera bota zuen, lepotik heldu zion, eta besoetan eta hanketan hematomak eragin zizkion. Horrez gain, kamiseta apurtu ziola ere esan zien.

Tratu txarrak, gainera, senar-emazteek dituzten bi alaba adingabeen aurrean eman zizkiola jakinarazi zien.

Horren guztiaren ondorioz, udaltzainak etxera igo ziren eta gizonezkoa atxilotu zuten, emakumeen aurkako indarkeria delitua egotzita.

Atxilotua gaur utziko dute epailearen esku.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gizartea Sexu-abusuen biktimak gaur Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Matxismoa gaur Vitoria-Gasteizko Koadrila gaur