Gizartea -

Araudi berria

Heriotza duina bermatzeko legea izango du Euskadik

EH Bilduk eta EAJk adostu dute testua, eta gaur onartuko du Legebiltzarreko lantaldeak. Eutanasiaren aukera jasotzen ez duen arren, gaixoaren borondatea lehenetsiko du.

Araudiak ez du eutanasiaren aukera jasotzen. EiTB
Araudiak ez du eutanasiaren aukera jasotzen. EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Heriotza duina arautzeko eta bermatzeko legea izango du aurki Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), EH Bilduk eta EAJk lortutako akordioari esker.

Hilabetez egon dira bi alderdiak eztabaidatzen eta negoziatzen, eta azkenean, lortu dute adostasuna, EiTB taldeko irratiek jakin ahal izan dutenez. Lege-proposamena ostiral honetan bozkatuko dute Eusko Legebiltzarreko lantaldean, eta bi alderdiok duten gehiengoari esker aterako da aurrera.

Araudi berriak ez du eutanasiaren aukera jasotzen, baina gaixoaren borondatea lehenetsi du medikuarenaren gainetik.

EH Bilduk aurkeztu zuen lehen lege proposamena Eusko Legebiltzarrean. Eutanasia eta heriotza duinari buruzko eztabaida abiatzea zuen helburu koalizio abertzaleak. Zuzenketen prozesuan eutanasiaren aldeko testuak aztertu eta eztabaidatu dituzten arren, adostutako lege berriak ez du halakorik jasoko, Zigor Kodeak preseski debekatzen baitu.

Negoziazioaren gertuko iturriak aipatuta EiTB taldeko irratiek jakin ahal izan dutenez, araudi berriak gaixoaren borondatea eta erabakia lehenetsiko du: gaixoak tratamendu bati uko egiteko aukera izango du; sendagileak ez du, horrenbestez, azken hitza izango.

Aurreikusitakoaren arabera, EH Bilduk eta EAJk bozkatuko dute lege proposamenaren alde. Ikuskizun dago PSE-EEren botoa, testuak eutanasia jasotzearen aldekoak baitziren sozialistak.

Eusko Legebiltzarreko lantaldea bilduta dago 09:30etik, eta bertan bozkatuko dute. Handik, batzordera eramango da gaia, eta ekainaren 30ean osoko bilkuran onartuko da legea.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Eutanasia albisteak Gizartea albisteak EH Bildu Bizkaia Albisteak