Gizartea -

Arrazakeria

Mosso batek pakistandar bati: 'Identifika zaitez, beltza zarelako'

Pakistandar gazte batek Konstituzionalera jo du, polizia batek azalaren koloreagatik identifikatzea agindu ziolako.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainian epe luzerako bizitoki baimena duen pakistandar batek, Zesahn Muhammad-ek, babes helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean, Esquadra mosso batek azal koloreagatik identifikatzea agindu ziolako Bartzelonan, 2013an.

23 urteko gazteak azaldu duenez, identifikatzeko agindua azal koloreagatik ote zen galdetu zion agenteari, eta horrek honakoa erantzun zion: "Bai, beltza zarelako, eta kito. Izorra hadi!". Gainera, poliziak zaplaztekoa eman zion, eta atxilotuta eraman zuen.

SOS Racisme Catalunya eta Open Society Justice elkarteek salatu dutenez, "profil etnikoa oinarri hartuta egindako identifikazioa" izan zen, eta hori "legez kanpokoa" dela azpimarratu dute.

"Praktika hori baztertzailea da, eta kaltedunak baztertu egiten ditu, Espainiako Konstituzioaren berdintasun printzipioa urratuta", adierazi du Alba Cuevas Stop Racism Catalunyako bozeramaileak.

1992an, Rosalind Williams herritarra ere identifikatu zuten poliziek, "profil etnikoa" kontuan hartuta, eta hark Konstituzionaleraino jo zuen, baina Auzitegi Konstituzionalak orduan ebatzi zuenez, itxura etnikoa argudioa izan daiteke identifikazio bat agintzeko.

Williamsek borroka egiten jarraitu zuen, eta, 2009an, Giza Eskubideen NBEko Batzordeak ebatzi zuen "ezaugarri fisikoak" ezin direla oinarri hartu norbait herrialdean legez kanpo dagoen zantzu gisa.

Gaur, Rosalind Williams Konstituzionalean izan da, Zesahn Muhammadi babesa agertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona argazkiak Arrazismoa argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Espainiako Auzitegi Konstituzionala Pakistan azken ordukoa