Gizartea -
Irteera operazioa
Normaltasuna udako irteera operazioko lehendabiziko orduetan
Trafiko Zuzendaritzak udako irteera operazio berezia jarri du abian. Aurreikuspenen arabera, trafikoa iaz baino % 4 handiagoa izan liteke euskal errepideetan.
eitb.eus
Uda duela bi aste hasi zen, eta udarekin batera, oporraldietako garaia; ondorioz, errepide bidezko joan-etorriak areagotu egingo dira datozen egunetan. Hori dela eta, urtero egiten duen legez, Eusko jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak abian jarriko du ostiral honetan (uztailak 1) Udako Operazio Berezia. Estimazioen arabera, 1.795.000 ibilgailu pasatuko dira Euskadiko errepideetatik nazioarteko joan-etorrietan. Horiei inguruko autonomia-erkidegoetara joango diren ibilgailuak gehitu behar zaizkie. Aurreikuspenek diotenez, trafikoa iaz baino % 4 handiagoa izan liteke.
Irteera operazioaren lehen orduak normaltasunez ari dira igarotzen, ia nabarmentzeko moduko gertakaririk gabe. Aipatu beharrekoen artean, gaur goizean 08:00ak aldera Leioan lau ibilgailuren artean jazo den talka dago. Horren ondorioz, auto-pilaketak egon dira, baina zirkulazioak normaltasuna berreskuratu du minutu batzuetan. Irunen, Baionako noranzkoan, ilarak sortu dira, baina 12:15erako desagertuta zeuden.
Udako Operazio Berezia
Udako Operazio Bereziari buruzko datuei dagokienez, Euskadiko herritarrak era mailakatuan joaten dira kanpora, eta berdin itzultzen dira oporretatik. Nazioarteko trafiko handienak, bestalde, uztaileko eta abuztuko azken bi asteetan espero dira, joaneko eta itzuliko bidaietarako, hurrenez hurren.
Uztaileko azken asteburuan eta abuztuko lehenengoan pilatzen dira ibilgailu-mugimendu gehienak. Dentsitate handia espero da uztailaren 22an (ostirala) eta 23an (larunbata), eta are handiagoa, uztailaren 29an (ostirala) eta uztailaren 31n (igandea). Gainera, abuztuko lehen asteburuan (abuztuaren 5ean eta 6an) ere, arazoak egon litezke.
Itzulerari dagokionez, trafikoa ez da horren epe txikian pilatzen, normalean, baina abuztuko azken hamabostaldiko asteburuetan Frantziako mugarantz doazen ibilgailuen trafikoa nabarmen handitzen da. Hori kontuan hartzen du Segurtasun Sailak muga inguruko neurriak prestatzerakoan.
Arretagune bereziak
Trafikoko Zuzendaritzak arreta berezia jarriko du bost zati hauetan: A-8an, Kantabriarako irteeran; AP-8an, Behobia aldean; AP-8tik AP-1erako sarbidean; A-1 autobiatik AP-1 autobiderako sarbidean, Armiñonen; eta N-622 errepidetik A-1 autobiarako sarbidean, Gasteizen.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritza Ertzaintzaren Trafikoko Lurralde Unitateekin batera ari da lanean, eta koordinazio-bilerak egin ditu Ertzaintzaren, Foru Aldundien eta autobideen ordezkariekin.
Gipuzkoan, AP-8tik mugara doan errepide-tartea izango da nahaspilatsuena, espero denez. Izan ere, Frantziako ordainlekuek har dezaketen trafikoaren ondorioz, auto-pilaketak egon dira aurreko urteetan, eta aurten segurtasuna dela-eta jendarmeak egiten ari diren kontrolak gehitu behar zaizkio horri. Segurtasun Sailak hainbat bilera egin ditu sektoreko erakunde eta eragileekin, Biriatuko kontrol horien ondorioak arintzen saiatzeko.
Horrela, Biriatuko ordainlekura iritsi aurreko errepide-tartean kamioei aurreratzea debekatzeko erabaki dute, Bidegirekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera adostuta. Gainera, seinale bidez adieraziko da AP-8ra sartzeko eta AP-8tik irteteko guneetan gelditzeko debekua, puntu horietan trafikoa arinagoa izan dadin.
Ertzaintzaren operatiboa
Ertzaintzak Trafiko Unitateko 550 kide prest edukiko ditu Irteera Operazioan eta Itzulera Operazioan parte hartzeko. Araban, miñoien laguntza izango dute. Gainera, egun horietan zirkulazio handi horren eragina nabarituko duten udalerrietako polizia-etxeetako ertzainen laguntza jasoko dute, beharrezkoa bada.