Gizartea -
Uztailaren 9tik 17ra
Barakaldoko Karmengo jaien egitaraua
Jaiak uztailaren 9tik 17ra bitartean egingo dira. Txosnek kokapen berria izango dute, eta kontzertuak Anaien parkean eta Herriko plazan egingo dira.
Agentziak | Eitb.eus
Barakaldoko (Bizkaia) karmenak uztailaren 9tik 17ra egingo dituzte, eta, orotara, 300 ekitaldi eskainiko dituzte, adin eta publiko guztiei zuzenduta. Aurten, txosnak Askatasunaren Etorbidean jarriko dituzte, eta Anaien Parkea kontzertuetarako erabiliko dute.
Jolinen etorrerak emango die hasiera karmenei, eta koadrilek, Samasiku fanfarriak, Katxarrada batukadak eta Goloka taldeak emango diote ongietorria, Hortzmuga antzerki taldearekin batera.
Denak San Vicente parketik Herriko Plazara abiatuko dira, eta, bertan, pregoia irakurriko dute Ibarra-Kaldu eta Erreka-Ortu dantza taldeek. Euren 50. urteurrena delako aukeratu ditu jai batzordeak.
Txupinazoa aurten lorpen handiak lortu dituzten emakumezko bi kirol taldek jaurtiko dute pregoia: Ausarta Barakaldo EST (saskibaloia), lehen maila nazionalera igo baita, eta Zuazo Prosetecnisa (eskubaloia), Erregina Koparen finalera heldu delako.
Jarduerak eta ekitaldiak 10:00etan hasiko dira egunero, Dianarekin batera. Ordubeteren ostean, kale-jira egingo du txistularien udal bandak.
11:30ean txikien unea helduko da, haurrentzako tailerrak eta jolasak zabalduko baitituzte Foruen Pasealekuan, 18:00ak arte. Egun bakoitzean, gainera, jarduera berezi bat egiteko aukera izango dute, hala nola jumping, herri kirolak, surfa…
19:30ean, kaleko antzezlanak izango dira Eskulturen parkean. Besteak beste, Trapu Zaharra, Markeliñe, Tresperte Circo Teatro, Passabarret eta Gran Dimitri konpainiak arituko dira.
Horrekin batera, Barakaldo Antzokiak "Monolokos" antzezlana eskainiko du hilaren 15ean (ostirala) eta 16an (larunbata). Maribel Salas, Sol Maguna eta Javier Merino aktoreek parte hartuko dute lan horretan.
Aurten lehiaketa gastronomikoak ere izango dira. Hilaren 10ean (igandea), marmitako lehiaketa izango da Anaien parkean, eta, hilaren 16an (larunbata), putxero lehiaketa egingo dute Karmen inguruan.
Kirola
Kirol jarduerei dagokienez, ehiza ibilbideak egingo dituzte Ilargi Erdiaren Tiro Eremuan, eta haurren txirrindularitza lasterketa hilaren 10ean (igandea), MegaParken hasi eta bukatuta.
Frontoian pilota izango da, eta hilaren 12an (astearte), gazte kuadrilen "megamaratoia" egingo dute, Anaien parkean.
Hilaren 13an (asteazkena), saskibaloi inklusiboa izango da Herriko Plazan, eta hilaren 15ean (ostirala), tenis txapelketa, Lasesarren.
Hilaren 16an (larunbata) Katxete-boloen txapelketa egingo dute, Regaton, eta haurrentzako igela txapelketa egun horretan bertan, Murrieta kalean.
Bitxikeri gisa, hilaren 16an dantza eta munduko musiken erakustaldia eskainiko dute Eskulturen parkean.
Kontzertuak
Hilaren 9an, larunbatean, Ken Zazpi talde Herriko plazan arituko da. Hilaren 10ean, berriz, Amelie pop-rock taldearen txanda izango da Anaien parkean. Hilaren 11n, astelehenez, Helena Bianco y los Mismos taldeak joko du Herriko plazan.
Hilaren 12an, asteartean, La Unión taldea arituko da. Talde horrenak dira Lobo Hombre en París, Sildavia, Vivir al Este del Edén, Berlín, Cabaret abesti ezagunak.
Hilaren 13an, asteazkenean, Barakaldoko Udal Bandak emango du kontzertua. Serafin Zubirekin batera Nino Bravo sonatua omenduko dute haren abestien bidez. Ostegunean Vendetta taldea bertaratuko da Barakaldoko Herriko plazara, eta, ostiralean, hilaren 15ean, David de Maria kantautorea. Ostiral horretan bertan, baina Anaien parkean, Los Chikos del Maiz talde valentziarra taularatuko da.
Hilaren 16an, larunbatean, Herriko plazan Merchek jardungo du, eta Anaien parkean Hesian taldeak.
Igandean, hilaren 17an, Anaien parketik Jolin agurtuz bukatuko dira jaiak.
Emanaldiak eta Abesbatzen kontzertuak
Abesbatzek ere badute toki bat Barakaldoko jaietako programan. Uztailaren 10an, igandean, arratsaldeko 13:00an Schola Cantorum eta Bilboko Akordeoi Taldeak eskainitako kontzertua izango da San Vicente parrokian.
Igandean bertan, arratsaldeko 19:00tan “Hijos de Almachar” Andaluziako elkartearen kontzertua ikusteko aukera izango da eta, Clara Campoamorren egoitzan Leioako Orpheo kamera abesbatzaren ikuskizuna eskainiko da.
Uztailaren 12an, asteartean, Clara Campoamor egoitzan Barakaldoko Andaluzia Zentrokoen ikuskizuna izango da eta, San Joseren parrokian, arratsaldeko 20:00etan Lagun Beti eta Getxoko Etxartu abesbatzek kantatuko dute.
Uztailaren 15ean, ostirala, “Hijas de Jaen” taldeak ikuskizuna eskainiko du Clara Campoamorren eta, arratsaldeko 20:15etan Itxaropenaren parrokian Zigor eta Los Templarios abesbatzen kontzertuak izango dira.
Uztailaren 16an, larunbata, Barakaldoko “Los amigos de la guitarra” taldeak “Las Almenas de Puerto Vega” abesbatzarekin kontzertua eskainiko du Clara Campoamorren, arratsaldeko 20:00etan eta, Carmenen parrokian Barakaldoko orfeoiarekin batera “111 años con la Zarzuela” ikuskizuna izango da.