Gizartea -

Lehen sehilekoaren jarduera

Telefono bidezko kontsultek % 11,2 gora egin dute Osakidetzan

Ospitaletako itxaron zerrendei dagokienez, batez besteko berandutzea 50 egunetik beherakoa da. Halaber, 80 urtetik gorako ospitaleratutako pazienteen kopurua bikoiztu egin da azken hamar urteotan.

Osakidetzako medikuak. Argazkia: EiTB
Osakidetzako medikuak. Argazkia: EiTB
Osakidetzako medikuak. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2016ko lehen seihilekoan zehar egin diren telefono bidezko kontsultak 1.400.000 baino gehiago izan dira Osakidetzan. Horrek suposatzen du % 11,2 gehiago direla 2015eko garai bereko datuekin alderatuta.

Osakidetzak astearte honetan, uztailaren 12an, aurkeztu du 2016ko lehen seihilekoaren jarduera eta itxaron zerrenda. Alde horretatik, herritarren artean telefono bidezko kontsultek “oso harrera ona” izan dutela zehaztu dute, “osasun-sistema eskuragarriagoa egiten dutelako eta alferrikako joan-etorriak saihesten dituztelako”.

Lehen Mailako Arreten kasuan, telefono bidezko kontsultak 1.300.000 baino gehiago izan dira. Datu horrek adierazten duenez, familia-medikuntzako eta pediatriako kontsulta guztien % 21 telefono bidez egin dira. Aurrez aurreko kontsultei dagokienez, iazko epe berarekin alderatuta, % 3,7 hazi dira. Izan ere, sei milioi kontsulta baino gehiago egin dira.

Era berean, Osakidetzak ziurtatu du paziente bakoitzari hamar minutu inguruko arreta eskaintzen jarraitzen zaiela.

Gainera, arreta espezializatuari dagokionez kontsultak % 4,8 hazi dira. Horietatik, 115.000 kontsulta telefonoz egin dira, eta profesionalek paziente kronikoen jarraipena errazteko erabiltzen dituzte.

Beste alde batetik, Osakidetzak azpimarratu du 80 urtetik gorako ospitaleratutako pazienteen kopurua bikoiztu egin dela azken 10 urteetan. Halaber, euskal biztanleria zaharkituz joan denez osasun-arretari dagokionean eragina izan duela gaineratu dute. Izan ere, Osakidetzako ospitaleetan izan diren ospitalizazioen batez besteko adinak 4,5 urte egin dute gora; gaur egun ia 60 urtekoa da.

2016ko lehen seihilabetekoan egindako kirurgiak % 9,8 hazi dira. Kirurgia programatu arrunteko ebakuntzak % 10,6 gehiago dira, ezohiko ebakuntza kirurgikoek beherantz jarraitzen duten bitartean; iazko datuekin alderatuta ia % 4 gutxiago.

Ospitaletako itxaron zerrendei dagokienez, Osakidetzako itxaron-zerrenden datuak iazkoen antzekoak dira, eta batez besteko berandutzea "50 egunetik beherakoa" da.

Osasun Karpeta

Pazientearen eta medikuaren arteko eta pazientearen eta Osakidetzaren arteko erlazioa errazten duen Osasun Karpetak kontsultaren atalean ia 100.000 sarrera erregistratu dira lehen seihilekoan; iazko garai bereko datuen bikoitza.

Dena den, orain arte 16 urtez gorakoek baino ezin zuten euren osasun-karpeta kontsultatu. Baina ezin zen 16 urtez azpikoen karpeta kontsultatu. Hori dela eta, adingabe horien gurasoei eta tutoreei karpeta horretan sartzen uzteko beste funtzionalitate bat ezarri da Osakidetzan. Era horretan, Osasun Karpetan gehien jaso diren eskaeretako bati erantzungo zaio.

Gainera, titularrak berak baimendutako ordezkariei sartzeko baimena eman ahal izango die. Titularrak berak beste pertsona bati sartzeko baimena eman nahi badio, baimen hori ESIren barrutik zein bere osasun-karpetatik bertatik zuzenean kudeatu ahal izango du.

Prebentzio programak

Osakidetzak dioenez, eurek garatutako prebentzio-programetan parte hartzen duten pertsonen kopurua “Europako altuenetakoa da”; izan ere, kolon eta ondesteetako minbizia goiz atzemateko programan % 70ek hartzen du parte eta bularreko minbizia goiz atzemateko programan % 76k.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Osasun Zerbitzu Publikoa EAE Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak