Gizartea -
Nafarroa
Foruzaingoak gomazko pilotak ordezkatuko ditu uztailaren bukaeran
Beaumont kontseilariak gomazko pilotak debekatzeko eskaera egin du eta zaurituak edo hildakoak egotekotan gertatutakoa ikertzeko esan dio administrazio publikoari.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoak gomazko piloten erabilera eten egingo du uztailaren bukaeran, Nafarroako Gobernuak mota horretako jaurtigaiak debekatu ostean. Horrenbestez, “hain erasokorrak” ez diren beste jaurtigai batzuk erabiliko dituzte hilabete honen bukaeratik aurrera.
Erabakia asteazken honetan, hilak 13, iragarri du Maria Jose Beaumontek, Nafarroako Gobernuko Presidentziako, Funtzio Publikoko, Barne eta Justiziako Kontseilariak, Europako Parlamentuan izandako konferentzia batean. Bertan, gomazko piloten eta polizia eredu berri baten beharra aztertu dute.
Beaumontek emandako hitzaldian zehar, mota horretako jaurtigaiek kalte ugari eragin ditzaketela nabarmendu du. Alde horretatik, zaurituak edota hildakoak eragin ditzaketen indar polizialen portaerak “azkar, sakon, eta eraginkorki” ikertzeko eskaera egin dio administrazio publikoari. Halaber, horren egilea identifikatu eta gertatutakoa behar bezala argitzeko eskaera egin du.
Bere esanetan, “instituzio publikoek, judizialek, administratiboek eta polizialek hartzen duten konpromisoa berdina izan beharko litzateke erantzukizunak eskatzen zaizkien orduan”.
Beaumontekin batera Mikel Irujo, Nafarroako Gobernuko ordezkaria, egon da. Bere aburuz, indar polizialen portaerak arautzen dituzten protokoloak gaurkotu beharko lirateke.
Iñigo Cabacas gaztearen senideak ere Europako Parlamentuan egon dira. Halaber, "Iñigo gogoan" taldeko hainbat kidek edota Kataluniako “Stop Bales de Gome!” plataformak parte hartu dute gomazko pilotei buruzko konferentzia horretan.