Gizartea -
Desagertuak
Euskadin desagertutako 212 lagun bilatzen jarraitzen ditu Ertzaintzak
Dagoeneko 1.929 pertsona desagertu dira aurten, eta horietatik 34 lagun desagertuta jarraitzen dute. 2015ean 4.104 pertsona desagertu ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Azken hamar urteotan 30.824 desagerpen baino gehiago ikertu ditu Ertzaintzak. Euskadin desagertzen diren pertsona gehienak handik ordu gutxitara aurkitzen dituzte, baina oraindik bilatzen ari diren 212 pertsonen txostenak zabalik ditu Ertzaintzak.
Dagoeneko 1.929 pertsona desagertu dira aurten, eta horietatik 34 lagun desagertuta jarraitzen dute. 2015ean, berriz, 4.104 pertsona desagertu ziren Euskadin, eta horietatik 31 lagun desagertuta daude, Ertzaintzaren datuen arabera.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez, desagertutako pertsona baten berri jasotzen dutenean aurretik ezarritako irizpideak jarraitzen ditu Ertzaintzak.
Izan ere, desagertu den pertsona baten berri duten unean, agenteek txosten bat betetzen dute pertsona horren datuekin eta bere deskribapenarekin. Gainera, ahalik eta datu gehienak biltzen dituzte txostenean, ikerketa eraginkorragoa izateko asmoz. Funtsezko datu horiek bildu ostean, bilaketa hori egiteko bideratuko dituzten baliabide egokienak erabakitzen dituzte.
Euskaditik kanpoko abisu bat jasotzekotan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak zehaztu du “uneoro” harremanetan daudela toki horretako indar polizialekin. Gainera, desagertu den pertsona horren senide eta lagunekin “aldizkako harremana” izaten saiatzen direla esan du.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak dio desagertutakoen % 30 behin baino gehiagotan desagertzen direla.