Gizartea -

Erakunde arteko akordioa

Nafarroaren eta EAEren arteko hitzarmena EiTB foru erkidegoan hartzeko

Gaur egun tokiko eremuetan libre dauden kanalak erabiliko dira Iruñean ETB1 ikusteko eta Tafallan, Lizarran, Zangozan eta Tuteran ETB1, ETB2 eta ETB3 ikusteko.

Cristina Uriartek (ezk.) eta Ana Ollok (esk.) hitzarmena sinatu duten unea
Cristina Uriartek (ezk.) eta Ana Ollok (esk.) hitzarmena sinatu duten unea
Irailetik aurrera ETB berriz ere ikusteko aukera izango dute Nafarroan

1:19

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Euskal Irrati Telebistaren (EiTB) zerbitzuak Nafarroako Foru Erkidego osoan zabaltzeko eta emateko, bai LTD (lurreko telebista digitala) eta kable bidezko telebista, bai irratia (FM eta transmisio digitala).

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek sinatu dute dokumentua, gaur goizean Nafarroako Jauregian egin den ekitaldi batean.

Ollo kontseilariak adierazi duenez, akordioak "nafar ugariren borondateari erantzuten dio, baita Foru Parlamentuaren gehiengoari eta udal askoren nahiari ere; izan ere, udal askok behin baino gehiagotan eskatu diete aurreko gobernuei, eta gure gobernuari ere bai, EiTB hartzeko baldintzak erraztea".

Bestalde, Uriarte sailburuak adierazi du "lankidetza-hitzarmen honen sinadurarekin oso gauza normala eta sinplea ahalbidetzen dugu: EiTB sintonizatu nahi duenak hala egiteko aukera izatea. Irrati-etxe eta telebista-etxe sorta zabalaren barruan EiTB ere egon dadin ahalbidetzea aukeratu ahal izateari bidea ematea da. Emisio horiek garrantzi handiko ekarpena izango dira nafar kopuru handi batentzat. Akordio hori etorkizunari begiratzeko erabakiaren isla da".

Bi exekutiboek hil honetan onartutako hitzarmenak espresuki jasotzen du EiTBk Nafarroarekin hartu duen errespetu-konpromisoa, hau da, Nafarroako errealitate politikoa, soziala eta instituzionala eta Nafarroaren sinboloak eta nortasuna errespetatzeko konpromisoa. Nafarroako Foru Erkidegoa Euskal Autonomia Erkidegoaz eta hura osatzen duten herrialde historikoez bereizten den errealitate gisa jasoko da, bai EiTBren profesionalek idatzitako informazioetan, bai errealitate horien irudikapenean. Era berean, sentsibilitate politiko eta ideologikoak barnean hartu eta errespetatuko dira, iritzi publiko plurala sortzen laguntzearren.

Tokiko kanal libreen erabilera

Helburu honetarako landu den azterketa teknikoak jasotzen duen moduan, EiTBko edukiak epe laburrera transmititzeko dagoen biderik bideragarriena da tokiko LTDko plan tekniko nazionalak Foru Erkidegoari esleitu dizkion tokiko 5 multiplexetan libre dauden kanalak erabiltzea. Hartara, Iruñeko mugapenean ETB1 zabalduko da eta Tafalla, Lizarra, Zangoza eta Tuterako mugapenetan ETB1, ETB2 eta ETB3.

Nolanahi ere, eta Ana Ollo kontseilariak aditzera eman duenez, aukera hori ez da bateraezina, Foru Exekutiboaren iritziz, "aukerarik egokiena denarekin: autonomia-kanalak erabiltzea". Horretarako, Industria, Energia eta Turismo Ministerioari eskatu zaio espektro irrati-elektrikoan espazio-erabilera zabaldu ahal izatea, ETB1 eta ETB2 lurralde osoan ikusi ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak Nafarroa gaur Tutera bideoak Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Gizartea bideoak Tafalla bideoak Gaurko azken orduko albistea Nafarroako Gobernua ETB Nafarroa