Gizartea -

Oporraldia

Oporrak gozatzeko gomendioak

Oporraldiaz bete-betean gozatzeko funtsezkoa da laneko kontuak ahaztea eta orainaz gozatzea. Hori dela eta, Yolanda Vicentek aholku batzuk eman ditu ahalik eta gehien disfrutatzeko.

Oporrak (Artxiboko argazkia). Argazkia: EFE
Oporrak (Artxiboko argazkia). Argazkia: EFE
Oporrak (Artxiboko argazkia). Argazkia: EFE

EiTB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pertsona askok lana burutik kendu gabe igaro dituzte oporrak, eta lanera bueltatzen direnean ohartzen dira oporraldiaz gozatzeko aukera handirik gabe igaro dituztela egun horiek. Horregatik, Radio Vitoriako El Mirador irratsaioak aholku batzuk eman ditu oporraldiaz bete-betean gozatzeko.

Yolanda Vicentek, Bizkaiko Psikologia Elkargoko adituak, esan duenez, noizean behin lanaz deskonektatzea osasuntsua eta beharrezkoa da osasun mentalarentzat. Alde horretatik, aisialdian edota oporraldian deskantsatzeko ez dagoela formula magikorik esan du; pertsona bakoitzak gustu eta interes desberdinak dituelako. Hala ere, lan-jarduera eta oporraldia argi bereizteko “beharrezko denbora hartu” behar dela gaineratu du.

Era berean, deskantsatu ahal izateko oporraldiak iraun beharko lukeen tarte finkorik ez dagoela gaineratu du Vicentek, baina deskonexio mentala eraginkorra izateko oporraldiak gutxienez bi aste iraun beharko lukeela baieztatu du. “Pertsona batzuk hasieratik ahazten dute laneko errutina, baina beste batzuk 10-15 egun bitartean behar dituzte benetan deskonektatzeko”, azaldu du Vicentek.

Halaber, oporraldia iristen denean geroa ahaztu eta orainaz gozatzeko gomendioa eman du Vicentek: “Lanean gaudenean jai egunak noiz iritsiko zain gaude, baina oporretan gaudenean laneko errutinan pentsatzen dugu”. Horrenbestez, arreta guztia bakar-bakarrik aisialdian jartzea gomendatu du. Alde horretatik, umeek deskonektatzeko eta orainean arreta jartzeko duten gaitasuna goraipatu du Vicentek, eta nagusiek gauza bera egiten ikasteko beharra sumatu du.

Gainera, oporraldia aldez aurretik prestatzeko eta planifikatzeko gomendioa eman du Vicentek. Era berean, urtean zehar egin ezin diren gauza horiek jai egunetan egiteko aholkatu du.

Vicenteren arabera, oporrak hasi baino egun batzuk lehenago lana prestatuta utzi behar da, “bakoitzak duen jardunaren arabera”. “Batzuetan gomendagarria da kide bati laguntza eskatzea edo egin beharrekoa bueltarako uztea”, gaineratu du Vicentek.

Beste alde batetik, atseden hartzeko orduan tresna elektronikoak alde batera uztea gomendatu du, “lanari lotuta jarraitzekotan ezin delako behar bezala deskantsatu”.

Edozein modutan ere, urte osoan zehar ongi pasatzen jakin behar dela nabarmendu du Vicentek. Horretarako, lo egin behar denean lo egitea, elikadura zaintzea eta norbera deskantsatuta egoteko behar duena zer den jakitea funtsezkoa dela azaldu du.

Azkenik, lanera bueltatu baino egun batzuk lehenago ordutegia berrezarri eta laneko errutina prestatzea gomendioa eman du Vicentek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi albisteak Euskal herriko hondartzak mapa Eguraldia Donostia Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Oporrak umeekin Udako albisteak