Gizartea -
Desagerpena
Aitak lau urteko alaba ezkutuan duela salatu du ama batek Gasteizen
Aitak Aljeriara eraman zuen 2013an, ondarearen kontrako delituengatik jasotako hiru urteko kartzela-zigorretik ihesi joan zenean.
agentziak | erredakzioa
Gasteizko 4 urteko neskatila baten amak salatu du aitak haurra desagerrarazi duela. Aitak Aljeriara eraman zuen alaba 2013an, ondarearen kontrako delituengatik jasotako hiru urteko kartzela-zigorretik ihesi joan zenean, eta amak ez daki orain non dagoen.
Logal Lex abokatuen bulegoak eman du kasuaren berri, Ana Rosa C.R. euskal herritarrak senar ohi aljeriarraren eskuetan dagoen alabaz ezer ez zekielako salaketa jarri ostean.
23 urteko emakumea eta 24 urteko bikotekide ohia aurtengo maiatzean banandu ziren, hiru alaba izan ostean. Horietako bat 2013an hil zen, sei hilabete besterik ez zuenean.
2016ko maiatzean, dibortzioaren epaiketa saioa egin zenean, gizona ez zen prozesuan agertu ere egin.
Bikotea Gasteizen bizi zen 2013a arte, gizonari hainbat delitugatik (indarrez egindako lapurreta eta agintari publikoen kontrako delitua) espetxe zigorra jaso eta orduan 2 urte zituen alabarekin Aljeriara joatea erabaki zuen arte.
Emakumea haurdun zegoen une horretan, eta ez zuen inolako baimenik sinatu alaba aitarekin joan zedin.
Ordutik, ama hirutan joan da Aljeriara, azkena 2014ko urrian, alaba itzul zezala eskatzeko. Baina azkeneko aldian ihes egin behar izan omen zuen gizonaren "izaera biolentoa medio".
Aurreko maiatza arte, emakumeak alabaren berri izaten zuen Interneteko sare sozialen bitartez, baina orduan aitak "amaren eta alabaren arteko harremana galarazi" zuen, jarrera "erradikalizatu" zuen, eta bidaiak egin zituen Frantziara eta Belgikara.
Abokatuen bulegotik azaldu dutenez, kereila aurkeztuko dute Madrilgo Epaitegian adingabekoa bahitzeagatik, eta Aljeriako enbaxadarekin eta Espainiak han duen kontsulatuarekin harremanetan jarri dira.