Gizartea -

Genero indarkeria

Udala akusazio gisa aurkeztuko da Bilbon eraildako emakumearen kasuan

Erakundeek eta Bilboko auzokideek elkarretaratzea egin dute gaur joan zen larunbatean izandako emakumearen erailketa gaitzesteko. Bertan, alkateak adierazi du Udala akusazio gisa aurkeztuko dela.

Elkarretaratzea Bilbon
Elkarretaratzea Bilbon
Azken hilketa matxistagatik elkarretaratze isila egin dute Bilbon

2:40

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal erakundeek eta Bilboko auzokideek elkarretaratze isila egin dute gaur joan zen larunbatean izandako emakume baten erailketa gaitzesteko xedearekin. Bertan, Juan Maria Aburto alkateak jakitera eman duenez, Udala akusazio gisa aurkeztuko da kasu horretan.

Kandela zuri baten eta loreontzi baten atzean, gaur goizeko 11:00etan, Aburtok, Udaleko alderdien ordezkariak, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak, eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak 5 minutuko isilunea egin dute.

Elkarretaratzean izan dira Unai Sordo CCOO sindikatuko Euskadiko idazkari nagusia eta Bilboko hainbat herritar ere. Ekitaldia txaloekin bukatu da, eta, horren ostean, hedabideei egindako adierazpenetan Bizkaiko hiriburuko alkateak biktimaren senitartekoei doluminak igorri dizkie.

Horrez gain, Udaleko baliabideak familiaren eskura jarri ditu, eta Udala herri-akusazio gisa aurkeztuko dela ere jakinarazi du Aburtok: "Erailketa horrek zuzenean eragiten gaituela, eta kaltetuta sentitzen garela azpimarratzeko, udal gisa zein gizarte gisa".

Gaineratu duenez, jarrera horrekin "Udalak biolentzia matxistaren aurkako herritarren interes orokorra defendatu nahi du".

Beste erakundeekin batera modu bateratuan "lanean jarraitzea" eskatu du, "hezkuntzan, aurrezaintzan, elkarbizitzan eta errespetuan", baita emakumeak ahalduntzen jarraitzea ere, "euren aurkako inolako biolentzia matxistarik onar ez dezaten".

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "euskal gizartearen esku-hartzea" eskatu du, "emakumeena, baina batez ere gizonezkoena, azken horiek berdintasunezkoagoa eta emakumeenganako errespetuzkoagoa den bizikidetza ulertzeko beste era bat onartu beharra baitaukate, zoritxarrez iraganean ez dena eman eta oraindik ematen ari ez dena".

Izaskun Landaidak ere gaitzetsi egin du Bilbon jazotako emakume baten azken erailketa, eta baieztatu duenaren arabera, Emakundek "egunero egiten du lan emakumeen aurkako indarkeriatik libre egongo den gizarte bat eraikitze aldera".

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo berriak Indarkeria matxista Espainian Eusko Jaurlaritza Emakunde argazkiak Gizartea bideoak Juan Maria Aburto Gaurko azken orduko albistea Giza hilketak