Gizartea -

Iruzurra

Lehendabiziko bahiketa birtual kasua salatu dute Nafarroan

Biktima iruzurraz ohartu zen eta, beraz, ez zion erreskaterik ordaindu iruzurgileari.

Artxiboko argazkia: EiTB
Artxiboko argazkia: EiTB
Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bahiketa birtual baten biktima izan den emakumezko batek salaketa jarri zuen atzo Nafarroan; hain zuzen ere, estortsio modu berri horrengatik Foru Erkidegoan jarri duten lehendabiziko salaketa da.

Guardia Zibileko iturriek EFE albiste agentziari azaldu diotenez, Iruñeko 73 urteko bizilagun batek atzo bertan jaso zuen deia. Telefonoaren beste aldean zegoen gizonezko batek biktimaren alaba bahituta zuela esan zion. Gero, biktimaren alabaren itxurak egin zituen beste emakume batek "bahituta zegoela eta laguntzeko" eskatu zion.

Emakumeak, mesfidati, guztia "gezurra" zela esan eta deia moztu zuen. Jarraian, haren alabari dei egin zion eta ongi zegoela baieztatu zion. Ondorioz, poliziari abisua eman eta salaketa jarri zuen.

Guardia Zibilak gaur ohar bidez jakinarazi duenez, gisa horretako delituen kopurua nabarmen hazi da azken aldian. Hori dela eta, hainbat gomendio eman dizkie herritarrei, hala nola, solaskideari hitz egiten uztea, entzutea eta ahal bada deia grabatzea, inolaz ere datu pertsonalak ez ematea eta beste telefono batetik ustez bahituta dagoen pertsona aurkitzen saiatzea eta iruzurgileari ustez bahituta dagoen pertsonari buruzko galdera zehatz bat egitea. Bestalde, inolako ordainketarik ez egitea ere gomendatzen du Guardia Zibilak.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko bideoak Gaurko albisteak Nafarroan Delituak Gizartea bideoak Eguneko albisteak