Gizartea -
Nafarroan
Atxilotu bat Valtierran, taberna bateko komunean grabatzeagatik
Emakume batek komuneko paperaren ondoan ezkutatuta zegoen sakelako telefono bat aurkitu zuen.
Agentziak | Erredakzioa
44 urteko gizon bat atxilotu dute Valtierran, taberna bateko komunetan grabatzea leporatuta. Foruzaingoak ohar batean jakinarazi duenez, pertsonen intimitatearen aurkako delitua egotzi diote atxilotuari.
Foruzaingoak azaldu duenez, komunera sartu zen emakume batek aurkitu zuen sakelakoa. Dirudienez, paperaren ondoan zerbait zegoela ohartu zen, eta hura eskuratzea lortu zuenean, ingurua grabatzen ari zen telefono bat zela ikusi zuen.
Horrenbestez, sakelakoa itzali zuen eta, aurretik, ildo horretako bideo ugari zeudela ikusi zuen. Segituan, tabernako jabearengana joan zen azalpenak eskatzera, baina, une horretan, taberna barruan zegoen beste gizonezko batek telefonoa kendu zion, berarena zela esanez.
Hurrengo egunean, emakumeak gertatutakoa salatu zuen Tuterako Foruzaingoaren egoitzan.