Gizartea -
Nafarroa
'Kontrolpean' Ororbian piztutako sutea, 268 hektarea kiskali eta gero
Keak eta garrek NA-7010 eta NA-700 errepideak moztea eragin dute. Gainera, sua zenbait etxebizitzara heldu da.
agentziak | erredakzioa
Ororbia inguruan piztutako sute batek 268 hektarea kiskali ditu, gehien bat uztondoa, lehenengo kalkuluen arabera, baina dagoeneko "kontrolpean" dagoela adierazi dute.
Suteak, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, zenbait etxebizitzaren eta lantegiren lorategien zuhaixkak erre ditu, baina ez dituzte bizilagunak irtenarazi behar izan.
15:30ak aldera piztu da, herriaren iparraldean, eta berehala zabaldu da, haize ufada gogorren eraginez eta landareak oso lehor zeudelako. Aldaba eta Ororbia artean piztu da sutea, alegia, Oltza zendea udalerrian, Iruñetik hamar bat kilometrora.
Nafarroako SOS larrialdietarako zerbitzuak Cordovillako, Lizarrako, Tafallako, Peraltako eta Sangozako suhiltzaileak mugiarazi ditu, Nafarroako Gobernuko hiru helikopteroez eta Noaingo hegazkinaz gain.
Su-garrek, aipatutako iturrien arabera, Zabalgaña kaleko etxeen atzealdeko lorategiak hartu dituzte, eta bertan lur-sailak ixten dituzten landareak kaskali dira.
Era berean, Kayaba lantegiko atarira ere heldu dira. Bertoko suteen aurkako zerbitzua suhiltzaileekin batera aritu da sua itzaltzeko lanetan.
Gainera, sua Villa Miranda enpresan ere sartu da, NA-700 errepidearen ondoan, eta moztu behar izan dute, NA-7010 errepidearekin gertatu den bezala.
18:45etan zabaldu dituzte berriz, sutea "kontrolpean" izan eta gero, Gobernu nafarraren esanetan.
Egindako kalkuluen arabera, suteak 268 bat hektarea kiskali ditu, horietatik 254 uztondoa izango lirateke, 10 zuhaitzak, gehien bat pinuak, 3 zuhaixkak eta 1 zurzuriak.
Suhiltzaileek bertan jarraitzen dute sutea erabat itzali arte, eta talde berezi batek gunea zainduko du gau osoan.
Foruzaingoak inguruko zirkulazioa antolatu du eta sutearen nondik norakoak ikertzen ari da.
Suak kiskalitako baso baten irudia. Argazkia: @ErikCuins