Gizartea -
Delitua
Bilbotar bat atxilotuta, identitatea usurpatzea leporatuta
Santaderko bizilagun batek berarekin zerikusirik ez zuten trafiko isunak eta epailearen jakinarazpenak jaso zituen.
Agentziak | Erredakzioa
32 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, Santanderko bizilagun baten identitatea usurpatzea leporatuta. Ertzaintzak ohar baten bidez jakinarazi duenez, atxilotuak egindako delituen jakinarazpenak biktimari heltzen zitzaizkion. Hala, berarekin zerikusirik ez zuten trafiko isunak eta epailearen jakinarazpenak jaso zituen.
Joan den ekainean, Santanderko bizilagun batek jarritako salaketaren berri izan zuen Ertzaintzak, eta, gertatutakoa argitzeko asmoz, ikerketa bat abiatu zuten.
Salaketa horretan, trafiko delituekin zerikusia zuten isunak eta epailearen jakinarazpenak jaso zituela azaldu zuen Santanderko bizilagunak. Halaber, Bilbon eta Laudion izandako gertaera horietan ez zuela parte hartu frogatu zuen.
Ikerketa horri esker, Bilbon bizi den gizon batek haren identitatea usurpatu zuela argitu du Ertzaintzak. Gainera, susmagarria atxilotzeko beste agindu bat indarrean zegoela ikusi dute, kasu honetan, etxebizitza batean indarkeria erabilita lapurtu izana egotzita.
Era berean, atxilotuak beste hiru delitutan parte hartu duela jakin dute: Joan den abenduan, Laudioko enpresa batean lapurreta egin zuen, eta, era berean, aparkatutako bi autotan lapurretak egin zituen Basaurin eta Amurrion.
Arrazoi horregatik, Ertzaintzak ikerketarekin jarraitzen du, gertatutakoa argitzeko eta beste delitu batzuetan parte hartu ote duen jakiteko.